ETAren su-etena. Erreakzioak

Ezker abertzaleak historikotzat eta erabaki ausartzat jo du su-etena

ETAren adierazpenak normalizazio politikorako oinarrizko baldintzak ezartzen dituela deritzo

Miren Legorburu, Txelui Moreno, Marian Beitialarrangoitia eta Rufi Etxeberria, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP.
mikel lizarralde
Donostia
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
ETAk su-eten egiaztagarri, iraunkor eta orokorra aldarrikatu izanak «bake eta konponbide demokratiko marko baterantz era atzeraezinean aurrera egiteko aukera irekitzen du», ezker abertzalearen iritziz, eta «fase politiko berri bat bultzatzeko erabakigarria eta irismen historikoa duen alde bakarreko erabaki ausarta da».

Erakunde armatuak adierazpen publikoa egin eta sei ordutara egin zuen ezker abertzaleak «urgentziazko» balorazioa Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatearen eskutik. Beitialarrangoitiarekin batera, Miren Legorburu, Txelui Moreno eta Rufi Etxeberria agertu ziren prentsa aurrera Donostiako hotel batean. Ikusmina handia zen, eta hamar telebista kamera baino gehiago eta dozenaka kazetari nahiz argazkilari zituzten zain ezker abertzaleko kideek aretora sartu zirenerako.

Nazioarteko komunitateak, Bruselako Adierazpenaren bitartez, eta euskal gizarteko hainbat sektorek, Gernikako Akordioaren bidez, ETAri eta Espainiako Estatuari eginiko eskaerei «era positiboan» erantzuten die ETAk aldarrikatutako su-etenak, Beitialarrangoitiaren iritziz, «bermaturiko indarkeriarik eza eta normalizazio politikorako agertoki bati ekarpen gisa». Haren ustez, ezker abertzaleak azken hilabeteetan egin duen bidea ere indartzera dator adierazpena: «Prozesu demokratiko bat garatzeko ezker abertzalearen apustuan sakontzera dator su-eten erabaki hau».

Beitialarrangoitiak adierazi zuen su-eten adierazpenak «Euskal Herriko indar politikoen arteko elkarrizketa eta negoziazio prozesu bateratzaile eta integral bat garatzeko ataria litzatekeen normalizazio politikorako oinarrizko baldintzak» ezartzen dituela. Horri lotuta, ETAk eginiko iragarpenarekin, Bruselako Adierazpena egin zuten ordezkariek duela aste batzuk iragarritako nazioarteko harreman taldea martxan jartzeko baldintzak betetzen direla deritzo ezker abertzaleak.

Ekimena baloratzeko deia

Ezker abertzaleak dei bat ere egin zien Espainiako Estatuari, Espainiako Gobernuari, klase politikoari eta eragile sozial nahiz sindikalei, «horren garrantzitsua den ekimena bere neurrian» balora dezaten. «Arduraz eta euskal gizarteak zein nazioarteko komunitateak eskatzen duten erantzukizunez, gatazka politikoa eta bere ondorioak behin betiko gainditzeko». Eskaera bera Frantziako Gobernuari ere egin zion Beitialarrangoitiak, «daukan parte-hartze eta ardurarengatik».

Alde horretatik, ETAk hartutako erabakiari «aurrekaririk gabekoa» iritzi zion Beitialarrangoitiak, eta «bere balioa gailentzea» espero du. «Aukera politiko bakoitzaren inertzia klasikoak mantentzera datozen adierazpen eta jarreretatik harantzago».

Horren haritik, «euskal jendarteak eta baita espainiarrak ere desio duten agertokia eraikitzeko fasea» irekitzeko deia egin zuen ezker abertzaleak. Eta baita ETAren agiria baloratzeko ere. «ETAren adierazpena nahikoa den ala ez, bere burua zaindaritzat jotzen duen ala ez, edota bere desagertzea ez duela aipatzen esatera mugatzeak adierazpenaren edukiak gutxiesteko eta jendartea nahasteko saio arduragabeak baino ez dira».

Ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpenean oinarrituriko «apustu politikoa» berresten duela ere esan zuen Beitialarrangoitiak, «bide politiko eta demokratikoekiko konpromiso argia duen proiektu politiko eta organizatibo berri bat bultzatzeko konpromisoarekin». Alde horretatik, dei egin zion euskal gizarteari «ilusioz eta konpromisoz bakea eta konponbide demokratikoa oinarri izango dituen etorkizuna eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.