Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrena ezker abertzaleko eledunek azaldu dute “etorkizuna libreki erabaki ahal izateko tresna” izango dela Eskoziako erreferenduma, eta “inbidiarik sanoenarekin” begiratzen diotela Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuen arteko akordio "historikoari", “demokraziaren aldeko ariketa gardena delako beste ezer baino lehen”. Josu Erkoreka EAJren Espainiako diputatuak ere goretsi du hitzarmena; "dudarik ez da eredu bat dela".
Hain justu, Eskoziak independentzia erreferenduma antolatuko du 2014a bukatu baino lehen, Londresen oniritziarekin
Ezker abertzalearen ustez, akordio horrek Espainia "estualdi larrian" jartzen du. “Gaur inoiz baino gehiago erabateko bakardade politikoan dago Espainiaren jarrera”, esan dute Ugarteburuk eta Barrenak gaur, Donostian.
“Raxoiren gobernuak azaldu beharko du Europako zabalera osoan zer dela-eta autodeterminazio eskubidea eskubide demokratikoa den Erresuma Batuan eta hemen, berriz, nola egiten duen mehatxu tanke edo kartzelarekin Kataluniaren eta Euskal Herriaren kasuetan; paradoxa ulergaitza da prisma demokratikotik begiratuta”, ohartarazi dute.
Nabarmendu dute ezker abertzaleak "hamarkada luzeak" daramatzala gatazka politikoari amaiera emateko elkarrizketak egiteko eskatuz, eta beti ateak itxita aurkitu dituela.
"Bigarren trantsizioari" ekitea beharrezkoa dela ere azaldu dute agerraldian. Adierazi dute lehenengoa ez zela ongi egin, eta bigarren horretan beharrezkoa dela "nazionalitate historikoen autodeterminazio eskubidea aitortuko duen marko legala" eratzea.
Gaineratu dute EAJ, PSE-EE, PSN eta Geroa Bai-ri hauteskundeen ostean eskatuko dietela erabakitzeko eskubidearen inguruan akordioa lehenbailehen lortzeari ekiteko. “Konponbideekiko eta Europan Euskal Estatu libre baten eraikuntzarekiko” bere konpromisoa berretsi dute.
Erkoreka EAJren diputatuak David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren borondatea goretsi du, "elkarrizketa eta negoziazioa" burutzeagatik Eskoziarekin. Haren ustez, bi herrialdeek egindako hitzarmena, "eredu bat" da.
Horren aurrean, Espainiako Gobernuaren jarrera deitoratu du Erkorekak, "konfrontazioa" bilatzen duelakoan, "ezezkoa" emanda. Adibide batera, Kataluniako erreferenduma dela-eta Espainiak zigor kodea ezartzeko "mehatxua" egin izana aipatu du EAJkoak. "Izaera politikoko arazoak zigor bidetik konpondu nahi ditu".
PPren gobernuari jokabidea aldatzeko eskatu dio, "hitz egiteko eta negoziatzeko". Izan ere, "demokrazian horrela konpontzen dira arazo politikoak".