Ezker abertzaleak prozesu demokratikoaren aldeko hautua egin zuenean, haren ondorioak bere egiten zituela esan zuen ETAk agiri batean urtarrilean. Bada, ezker abertzalearen irudiko, agiri horretan esandakoak berretsi egin beharko lituzke ETAk: «Euskadi Ta Askatasuna euskal erakunde armatuak urtarrilean argitaraturiko agirian azalduriko prozesu demokratikoaren aldeko jarrera berretsi beharko luke».
ETAren eta Frantziako Poliziaren arteko tiroketa eta Jean-Serge Nerin poliziaren hilketa gertatu zirenetik 24 bat ordura iritsi zen ezker abertzalearen oharra komunikabideetara, atzo, 19:00 aldera. Han esaten denez, gertatutakoa ez da «ETAk aldez aurretik prestatutako ekintza», baina, hala ere, horrek ez dio «larritasunik» kentzen. «Samina» erakutsi du gertaturikoaren aurrean, eta halako gertaerek euskal gizartean «zalantza, ziurgabetasuna eta etsipena» sortzen dituztela uste du.
Ezker abertzaleak argi dauka, «orain inoiz baino gehiago», prozesu demokratikoa «sendotu» behar dela, «indar metaketan oinarrituriko eta soilik bide politiko eta demokratikoetatik eta inolako indarkeriarik gabe garatu behar den prozesua». Alde horretatik, berretsi egin ditu barne eztabaidaren ondorioekin Zutik Euskal Herria agirian indarkeriarik gabeko prozesu demokratikoa bultzatuz adierazitakoak.
Bi gertaera, egoera bat
Ezker abertzaleak ez du testuinguru jakin batetik bereizi tiroketa. Jon Anza ustezko etakidearen hilotza agertu berria dela ere gogora ekarri du, eta «gerra zikin kasu batean kokatzeko zantzu guztiak» daudela azpimarratu. Bi gertaera horiek «gatazka politiko egoera batean» kokatu ditu.
Hargatik, ezker abertzalearen lehentasuna gatazka gainditzea da, eta bidehorretan indarrak jartzeko eskaera egin die gainerako eragile politikoei ere: «Ezker abertzaleak dei egiten dio klase politiko guztiari gatazka gehiago luza ez dadin erresoluzioa helburu izango duen ekintza politiko bateratu bati ekiteko arduraz jokatzeko».
Tiroketak, ETA eta Frantziako polizien artean
1988ko apirilaren 27an. Emiliano Revillaren erreskatean polizia bat zauritu zuten Baionan.1996ko azaroaren 27an. Polizia bat larri zauritu zen ihesi zihoan auto bati jarraituz izandako istripu batean Astafforten (Lot et Garonne)
2000ko maiatzaren 26an. Tiroketa bat izan zen Bordelen (Gironde) bietakideren eta jendarme batzuen artean.
2001eko azaroaren 17an. Kontrol batean etakide batzuek jendarme bat zauritu zuten Pauen (Pirinio Atlantikoak).
2001eko azaroaren 28an. Etakide batek hura kontrolatu nahi zuten jendarmeen aurka tiro egin zuen Pauetik hurbil.
2001eko abenduaren 6an.Hiru etakide eta jendarme patruila baten arteko tiroketa izan zen Auchen (Gers).
2004ko urriaren 28an. Bi etakidek errepide kontrol batetik ihes egin zuten jendarmeei tiro eginez Pirinio Garaiak departamenduan.
2006ko martxoaren5ean. Etakide batzuek bi jendarme harrapatu zituzten eta haien pistolak eta jantziak lapurtu eta geroetxalde baten ondoan utzi zituzten Gramaten (Lot).
2009ko ekainaren 8an. Bi etakidek jendarme bati tiro egin zioten Sainte Enimien (Lozere). Jendarme bat zauritu zen, eskumuturrean.
Jean Serge Nerin