Ezker abertzaleak konpromisoa eskatu dio Confebaski

Enpresaburuen elkartearen arabera, ezker abertzaleari dagokio «itxaropenaren bidea sendotzea»

Erredakzioa
Bilbo
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
«Aro berriarekin» konprometitzeko eskatu dio ezker abertzaleak Confebask Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarteari, eta Euskal Herrian abian den «itxaropen jokalekuaren» aldeko «ekarpenak» egiteko eskatu dio. «Confebask erakundeak bere esku dauka guztiok irabazle suertatzen garen proiektu honetan partaide izatea», adierazi du.

Modu horretan erantzun dio ezker abertzaleak enpresaburuen elkarteko idazkari nagusi Nuria Lopez de Gereñuk atzo eginiko adierazpenei. Lopez de Gereñuren arabera, ezker abertzaleari dagokio «itxaropenaren bidea sendotzea» eta «terrorismoaren eta ETAren behin betiko amaiera lortzea». Ezker abertzalearen irudiko, baina, indarkeriarik gabeko jokalekua sendotu dadin beharrezkoa da «guztion» ekarpena eta «norberaren interesak» albo batean uztea. «Confebask euskal patronalak ezin du bere burua errealitate honetatik kanpora kokatu, eta modu positiboan eta parte hartze argia erakutsiz bere ekarpena egin beharko lioke gure herrian zabaldutako garai berriari», nabarmendu du komunikabideei igorritako ohar batean.

Ezker abertzalearen arabera,«itxaropen eta ilusio jokalekua» sortzea lortu bada, hori Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek eginiko ekarpenei esker izan da. «Euskal gizarteak eta gehiengo politiko, sindikal eta sozialak erabakia hartu du dagoeneko euskal patronalak aipatzen duen esperantzaren bide hori inork baldintzatu ez dezan, eta ezker abertzalea ziur dago norabide onean ari garela», adierazi du.

Fokua eta norabidea

Ezker abertzalearen irudiko, Lopez de Gereñu erratuta dago prozesua sendotzeko erantzukizunasoilik ezker abertzaleari dagokiola esaten duenean. «Fokua beste norabide batean kokatu beharko luke Confebaskek, alegia, Madrili, PP nahiz PSOEri begira, hauek baitira esperantzaren atea alderik alde zabal ez daitezen boikot jarrera iraunkor batean daudenak», nabarmendu du.

Horren harira, ezker abertzaleak Lopez de Gereñuri gogoratu dio konponbide prozesuarekin bat egin duten eragileek «herri honen gehiengoaren atxikimendua» lortu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.