Euskal presoen gaian "legea beteta, legeak duen zorroztasun eta eskuzabaltasun guztia" izango duela esan zuen atzo Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak, eta ezker abertzaleak gobernuari gaur ihardetsi dio bete dezala legedia. Izan ere, "espetxe politika guztiz salbuespenezkoa" dela deritzo Maribi Ugarteburuk.
"Batetik, presoen sakabanaketari eusten dion inolako lege edo araudirik ez dago, salbuespenezko neurria da, modu kolektiboan ezartzen dena". Ondorioz, euskal presoek Euskal Herriko kartzeletan beharko luketela dio ezker abertzaleak.
"Halaber, gaixorik dauden presoak kartzelan eduki behar direla dioen legerik ere ez dago Espainiako espetxe araudian, kontrakoa baizik. Hori ere salbuespenezko neurria da, giza eskubideen urraketa". Oso gaixo dauden hamabost preso askatzeko premiaz ohartarazi zuen lehengo astean Jaiki Hadi sendagile elkarteak.
Ezker abertzaleak Barne ministroari gogoratu dion beste kasu bat: "Bizi arteko espetxeratzea ere posible egiten duen 197/2006 dotrina". "Legalitatea aipatu du berriro Fernandez Diazek. Baina inolaz ere ezin da ezkutatu Espainiako gobernuek beraiek okertu dutela legalitate hori, salbuespenezko neurri eta dotrinak asmatuz".
Ondorioz, Ugarteburuk esan du "normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera egiteko, euskal preso politikoen egoerari ekitea lehentasun osoko kontua" dela. "Gaur egungo kartzela politika ankerrari eutsi nahi diotenek indarkeriazko konfrontazioari eusten diote. Eta Euskal Herriko jendartean gehiengo zabala da jada indarkeriazko egoera osoki gainditzeko eskatzen dutenak".