Ezker abertzaleak PSOEri galdetu dio zergatik ez duen su-etena egiaztatu

Presoez, iheslariez eta desarmatzeaz hitz egiteko baldintzak betetzen direla azpimarratu du Txelui MorenokETAk «eraso ekintzen etena» eman ostean urratsik ez egitea egotzi diote Espainiari

Txelui Moreno, Niko Moreno eta Tasio Erkizia, atzo, Bilbon emandako prentsaurrekoan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
ETAk «eraso ekintza armatuen» etena jakinarazi zuenetik «blokeozko jarrera immobilista» edukitzea egotzi dio ezker abertzaleak Espainiako Gobernuari. «Garaile eta garaituen argazkiak» lortzeko eginahalean ikusten ditu PSOE eta PP, baina «asmo gerrazale horiek» alde batera uzteko eskatu dio, «hori ez delako inolako gatazka politikori aterabiderik emateko modua». Izan ere, ohartarazi dio «arazoa» ez duela ez ETArekin eta ezta ezker abertzalearekin ere, «bere etorkizuna inoren esku hartzerik gabe erabakitzeko eskubidea izan nahi duen Euskal Herriko jendartearen gehiengoarekin» baizik. Galtzailerik ez dela nabarmendu du ezker abertzaleak: «Bake eta normalizazio politiko eta demokratikoarekin guzti-guztiok gara garaile».

Ezker abertzaleko ordezkariek Espainiako Gobernuari gogorarazi diote ETAk agiriz agiri esandakoak kontuan hartuz gero «euskal preso politikoen askatasunaren, iheslarien etxeratzearen eta erakundearen egitura militarren desegitearen inguruan adostasunak erdiesteko» elkarrizketa prozesua abiatzeko baldintzak badaudela. Erakunde armatuak urtarrilaren 10ean emandako su-eten adierazpena egiaztatzeko bidea ere ireki zuela ekarri dute gogora, eta, hori horrela izanda, halakorik zergatik ez duten egin galdetu dio PSOEren gobernuari. Ezker abertzaleak eta ETAk urratsak egin dituztela ekarri du gogora Txelui Morenok, eta euskal gizartea zain dagoela «orain arte batere mugitu ez den beste aldea» mugi dadin, «egiazta dezaten eta bake eta normalizazio politikora bidean ematen diren pausoak atzera bueltarik gabekoak izan daitezen».

Miren Legorburuk, Txelui Morenok, Niko Morenok eta Tasio Erkiziak egin zituzten adierazpen horiek atzo, Bilbon emandako prentsaurrekoan. ETAk ez bezala, Bruselako eta Gernikako adierazpenetako eskaeren norabidean «urrats bat bera ere» ez egitea leporatu diote Espainiako Gobernuari; «aitzitik, ezker abertzalearen apustu politikoa baldintzatzen saiatu da, horretarako legez kanporatzeak, atxiloketak eta torturak baliatuz», esan dute.

Madrilen jarrera immobilistatzat jo arren, horrek ez duela egoera blokeatzerik lortu uste du ezker abertzaleak: «Baldintzak sortu dira behin betiko aterabideetarako prozesuan atzera bueltarik gabe aurrera egiteko». Eta hori gatazkaren ondorioetan ez ezik «gatazka politiko historikoari konponbide politiko eta demokratikoa emateko» elkarrizketak abiatzeko bidean ere gertatzen dela nabarmendu du Morenok.

«Dinamika progresiboa»

Ezker abertzaleak bere aldetik prozesuak aurrera egin dezan lanean jarraituko duela jakinarazi du Morenok. Prozesu horretan indar politiko guztien parte hartzea beharrezkoa izango dela uste du, «salbuespenik gabe», eta horregatik «ezinbestekotzat» jo du Sortu legezkoa izatea —azaroaren 20ko Espainiako bozen aurretik hartuko du erabaki hori Auzitegi Konstituzionalak—.

Ezker abertzalea ez ezik, gainerako eragileak ere beharrezkoak dira prozesua aurrera eramateko, Morenoren iritzian. Prozesuaren «kudeaketa partekatua» behar dela uste du, eta horixe eskaini diete gainerako eragileei. Arduraz eta «borondate eraikitzaileaz» jokatzearen garrantzia azpimarratu dute ezker abertzaleko kideek, eta «gai garrantzitsu eta sentsiblearen erabilpen politiko eta elektoralistarik» ez egiteko eskatu diete PSOEri, PPri eta alderdi jeltzaleari.

Biktimen inguruan barne gogoeta egiten ari dela ere esan du ezker abertzaleak. Morenok dio «diskrezio handiz» ari direla lanean, gaia «oso serioa» delako. «Besteek onartu nahi ez dituzten biktimen bi aldeak» onartzen dituen testu bat osatzen ari direla aurreratu du: «Testuan ez da biktimen erabilpenik egiten, beste batzuek egiten duten bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.