Atzo Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren Espainiako presidentegaiak esan zuen azaroaren 20ko bozetan “independentismoari hautestontzietan irabazi" nahi diola, “Espainian hobeto egoten dela erakusteko", eta ezker abertzaleak erantzun dio "ikusmolde demokratiko batetik" adierazpen horiek zuzenak direla. Baina honela gehitu du: "Gure herrian alderdi politiko guztiek ezin dituzte euren ideiak eta proiektuak hautestontzietan defenditu, eta Espainiako ordenamendu juridikoak ezinezkoa egiten du proiektu independentista gauzagarria izatea".
Sortu ezker abertzaleko alderdi politikoa legeztatzea bultzatzeko eskatu dio Rubalcabari, baita "demokrata oso gisa Espainiako legediaren inposizio eta betoari amaiera" emateko ere, "marko berri bati ateak zabaltzeko, euskaldunok libreki erabaki ahal izateko etorkizunean".