Ezker abertzaleak uste du Sortubere alderdi politiko berria legeztatzea «ezinbestekoa» dela «Euskal herritar guztien eskubide guztiak errespetatuko diren egoera demokratikoa eraikitzeko». «Ezin liteke eraiki egoera demokratikorik sektore sozial bat legez kanpo edukita», adierazi dute Miren Legorburuk eta Niko Morenok, Tasio Erkizia eta Agurne Barrusorekin egindako agerraldi batean. Legeztatze hori gauzatu dadin ezker abertzaleak «oso urrats garrantzitsuak» egin dituela esan dute, eta bidean aurrera egiteko lanean jarraitu behar dela. Herritarrei mintzatu zaizkie hargatik; mobilizatzeko eskatu diete. Izan ere, legeztatzea baldintzatu dezaketela uste dute: «Herri mobilizazioan dago legeztatzeko gakoa».
Hori dela eta, hainbat pertsona ezagunek larunbaterako Bakerantz, legalizazioa lelopean antolatu duten manifestazioarekin bat egin du ezker abertzaleak. Izan ere, gizartearen presioak egoera aldatzen asko lagundu dezakeela uste du. Horren erakusgarri du Patxi Lopez lehendakariak eta Iñaki Oiarzabal PPko buruak «beren diskurtsoak berritzeko» beharra ikusi dutela. «Sortu den olatu sozialaren lehendabiziko emaitzetako bat da, dudarik gabe», adierazi dute ezker abertzalekoek. «Diskurtsoetako aldaketa txikiak badira ere, positiboak direla uste dugu».
Hala ere, pauso handiagoak eman behar lituzketela ohartarazi dute: «Ez gaude jarrera alderdikoien arabera politika egiteko unean. Sakoneko erabaki politikoak hartzeko unean gaude». Eta hori bere borondatez egiten ez badute herritarren «bultzadaren ondorioz» egin beharko dutela esan diete, gainera.
«Alderdikeriak zein hauteskunde kalkuluak albo batera utz ditzaten» eskatu diete, beraz, alderdi politikoei. «Demokrazia lehenesteko». Ezker abertzaleak hala egingo duela hitzeman dute; egin duen «urrats estrategikoa» hauteskundeetatik haratagokoa dela eta, beraz, hartutako bidetik jarraituko duela.
Ezker abertzaleak bere proiektu politikoaren aldeko ildoa, independentzia eta sozialismorakoa, «bide politiko eta demokratikoetatik garatzeko erabakitasun osoa» duela errepikatu dute Legorburuk eta Morenok. Beste alderdi batzuen jarrerak arduratuta dauzkatela ere ohartarazi dute: «Kezkaz dakusagu alderdi politiko batzuen jarrera, zauriak zabalik mantentzearen aldeko apustua egiten dutela ziurtatu baitaiteke». Ondorio argia atera dute alderdi horietan ikusi duten jarreratik: «Erosoago daude alde anitzeko eskubideen urraketa gertatzen den testuinguru politiko batean. Erosoago zeuden ezker abertzaleak gaindituak dituen eta jada iraganekoak diren konfrontazio egoera batzuetan. Bukatu da ziklo armatua, eta orain beldurra diete ezker abertzaleari zein haren proiektu politikoari».
Espainiako Gobernuak Sorturen izen ematea geldiarazteko agindu izana du horren adibide. Erabakia epaitegietara desbideratu izanak «ausardia falta» eta alderdia legez kanporatzeko asmoa erakusten duela diote.
Asmo hori betetzea ezinezkoa izan dadin, mobilizatzera deitu ditu alderdi, eragile eta herritarrak, eta, bide horretan, Bilboko manifestaziora joateko deia egin dute.
AAMk ere egin du larunbateko protestara joateko deia, «legez kanporatze estrategiak eskubide urraketa iraunkorra eta itzela dakarrelako».
Josu Erkoreka EAJko diputatuaren ustez, berriz, Sortuk hurrengo hauteskundeetan «baldintza guztiekin» egoteko aukera izango du. «Aurkeztu dituen estatutuekin eta egin dituen azken adierazpenekin ez dago inolako zalantzarik», esan du. Hala izango ez balitz, ezker abertzalea «ezingo balitz bere izen propioarekin aritu», EAJko kidearen ustez, «akatsa» egingo litzateke; «euskal politikarako txarra litzateke».
Legeztatzearen alde egin du Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak ere: «Batasunari ezin zaizkio aldatzeko eskubidea eta aukera ukatu, besteak beste demokratak hori eskatzen aritu zaizkiolako». Areago, Sortuk hauteskundeetan egoteko aukera izatea «ona» litzakeela uste du Zabaletak. Edozein modutan, ezker abertzaleak iragarritako bidea egiazkoa den ikusi beharko dela adierazi du, berak ez duela «mesfidantzarik» izateko arrazoirik zehaztuta. Ezker abertzalearen aldaketa «sakonekoa» bada «zailtasun guztiak» gaindituko dituela uste du, eta horrek «aukera handia» ekarriko diola euskal gizarteari. Hortaz, «luzera begira» jarduteko eskatu du.
Ohi baino baikorrago agertu da Antonio Basagoiti PPko EAEko presidentea ere. «Duela urtebete baino baikorrago» izateko modua dagoela esan du, nahiz eta hori «Batasunari egindako presioari esker» dela zehaztu duen. Gomendioa eman dio ezker abertzaleari: «Sinesgarriagoa izango litzateke, bakea nahi duela esango balu baina bozetan egon gabe».
Ezker abertzaleak uste du herritarren presioa funtsezkoa dela legeztatzeko
Larunbat arratsaldean Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egin dute ezker abertzaleak eta AAMk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu