Ezker abertzaleko ordezkariekin bilerak egin dituztela azaldu du gaur Iñigo Urkullu buruzagi jeltzaleak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan; areago, sektore politiko horretako ordezkariekin "harreman nahiko errazak" dituztela erantsi du.
Urkulluk adierazi duenez, elkarrizketa horietan eskaera bat helarazi die behin eta berriz EAJk: "ETAren zaintzapetik" alde egiteko. "Esan diegu ezin direla bizi erakunde teroristaren zaintza nahiaren Damoklesen ezpatarekin", zehaztu du.
Izan ere, jeltzaleek uste dute ezker abertzalearen baitan "bi mundu" elkarbizi direla. "bi mundu daude: politika egin nahi duena eta bere apostua bide politiko, baketsu eta demokratikoak direla adierazten duena; kale erasoen horien atzean daudenak estrategia politikotik kanpo daudela dioen mundua. Baina badago beste mundu bat erabaki duena azken 30-40 urteetako dinamikarekin jarraitzea".
Bi mundu horiek daudela iritzita, politika egin nahi dutenei eskatu die haiekin elkarbiziko litzatekeen beste mundu horri aurre egiteko: "Horien aurrean manifestatu behar dira politika egin nahi dutenak". Urkulluk uste du etorkizunera begira zabaltzen den galderetako bat dela Zutik Euskal Herriarekin abiatutako prozesuaren amaierara ezker abertzalea batuta iritsi den edo ez.
Politika
Ezker abertzalearekin harremanak izan dituztela, eta "ETAren zaintzapetik" aldentzeko eskatu dietela agertu du Urkulluk
EAJko presidentearen arabera, ezker abertzalearen baitan "bi mundu" bizi dira, eta batek indarkeriatik aldendu nahi du eta besteak ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu