Abenduaren 3an burutuko du ABk bere urteko biltzar nagusia, eta, bitartean, barne-eztabaida fasean sartuko dira alderdiko kideak. Hainbat gai dituzte mahai gainean: Ipar Euskal Herriko ezker abertzalearen espazioaren berrosatzea, datorren urtean izanen diren hauteskundeei begira egin beharreko aliantzak edota eskatzen duten jendarte modeloa. Eztabaida «handia» nahi dutela azaldu dute, zehaztuz ABren ibilmoldea dela «barne demokrazia molde baikorrean ibilaraztea». Idazkaritzak eta militanteek proposaturiko orientazio testuak ukanen dituzte eztabaidagai abendura arte.
Horren berri eman du Andde Saint-Marie ABko bozeramaileakprentsaurreko batean. Herritarren gain «ondorio larriak» ukanen duen krisialdi ekonomikoa izan du hizpide lehenik, eta horri aurre egiteko izanen diren mobilizazioetan presente egonen direla nabarmendu du.
Horrez gain, Senaturako hauteskundeak igandean iraganik, Europe Ecologie Berdeekin (EEB) osatu koalizioaz pozik agertu dira ABko kideak, «lan handia egin delako, lan talde dinamiko eta errespetutsu bati esker». Sauveur Bachok, ABk eta EAk osatzen duten Eskualde eta Herri Solidarioak (RPS) federazioak eta EEVBk aurkeztu hautagaiak lehen itzulian 150 boz eta bigarrenean 317 bildu zituela gogorarazi dute. Haatik, begi txarrez ikusi dute bigarren itzulian Alderdi Sozialistarekin pasatako akordioa sozialista batzuk ez errespetatu izana.
Biharamun baikorra
Hego Euskal Herrian «aspaldi desio» zituzten urrats «garrantzitsuak» pasatzen ari direla erranik, aktualitate politiko horri buruzko iritzia ere plazaratu du Saint-Mariek. Amaiur koalizioaz zein Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioa izenpetu izanaz «pozten» direla jakinarazi dute, gehituz pauso horiek «biharamun baikorra ukanen dutela».
Ipar Euskal Herriari doakionez, euskal lurralde elkargo baten beharra berretsi dute. Eta lurralde berrantolaketaren erreformari doakionez, Frantziaren egin moldea salatu dute, «tokiko hautetsiek errespetu gehiago merezi dutela» gehituz.
Ezker abertzalearen berrosatzea ukanen du eztabaidagai ABk
Abenduaren 3an eginen du bere urteko biltzar nagusia; hainbat gairi buruzko barne-gogoeta fasean sartuak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu