Joseba Permach ezker abertzaleko kidearen arabera, eurentzat "nabarmentzekoa da Jorge Fernandez Diaz [Espainiako] Barne ministroak gatazkaren dimentsio politikoa jendaurrean onartu izana". Fernandez Diazek, hain zuzen, "gaur egun ETAren arazoa ez da soilik poliziala. Saihestu ezin dugun dimentsio politikoa dauka" esan zuen atzo, Kongresuan.
"Garrantzitsua da hori esatea, bai edukiei bai formari dagokionez", adierazi du gaur Permachek. "Izan ere, Kongresuan Bildu eta Amaiurren legez kanporatzea eskatuz UPDren ekimen bat eztabaidatzen ari zirela egin zituen adierazpenok". Atzo Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak ere antzeko balorazioa egin zuen ministroaren adierazpenez.
Ezker abertzaleak Espainiako Gobernuari eskatu dio "gatazka politikoaren konponbiderako aukera historikoari arduraz, konpromisoz eta maila emanez" erantzun diezaiola. Esaterako, salbuespen politika eta neurriak gainditzeko deia luzatu dio Permachek, espetxe politika aldatuz eta erakunde politikoak legeztatuz.
Elkarrizketaren bidea aldarrikatu du, halaber. Batetik, uste du Espainiako eta Frantziako estatuek ETArekin hitz egin beharko luketela, "betiere gatazka politikoaren ondorioetara mugatuta". Bestetik, eragile politiko denek "gatazkaren korapilo historikoak askatzeko elkarrizketa politiko barneratzailea" hasi beharko lukete, haren iritziz.