Aralarrek urriaren 1eko batzar orokorrean eztabaidagai izango duen ponentziak "ezker abertzale zibil eta plurala eraikitzeko" baldintzak jasoko ditu, hori "benetan eraldatzailea, eragingarria eta demokratikoa izan dadin". Ezker abertzalearen pluraltasuna ez aitortzeak antzutasun politikora eramango lukeela esan du Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak.
Aralarreko zuzendaritzak aurkeztu duen ponentziak, zehazki, bide politikoen aldeko hautua, erakundearen estrukturaren lehentasuna, ezker abertzalearen pluraltasuna aitortzea eta onartzea, Europaren aldeko jarrera eta "errealismoa" eskatzen ditu. Zabaletak gaur egin duten aurkezpenean esan du "erkidegoen errealitatea" onartu behar dela borroka politikorako.
"Beharra eta egin beharra"
Ponentziak zuzendaritzaren babes osoa dauka azaldu dutenez. Patxi Zabaletarekin batera, Jon Abril, Aintzane Ezenarro eta Rebeka Ubera izan dira aurkezpenea. Militanteen esku dago jada. Abuztuaren 15a arte zuzenketak jasoko dituzte. Zabaletak esan du Aralarri dagokiola oinarrizko etika baten beharra epe luzerako azpimarratzea, bakea eta normaltasuna lortzeko. "Eskakizun horrekin ez dugu ezberdintasun bat ezarri nahi; behar bat eta egin behar bat ezarri nahi ditugu", esan du.
Presoen eta ETAren biktimen auzian ere adostasuna behar dela esan du Zabaletak, eta aurreratu du bi gai horiei heltzeko ez dagoela gatazka noiz konponduko zain egon beharrik. "Aldaketa politiko eta sozialaren barruan eta horren zati bat bezala heldu behar zaie, kolektibo horien pluraltasuna aintzat hartuz".