Ezker abertzaleak esan du "oso adierazgarria" dela Euskal Herriko gehiengo politiko eta soziala ordezkatzen duten eragileek, "ñabardurak ñabardura", igandean egindako adierazpena "era positiboan" baloratzea.
Horrekin batera, irakurketa "negatiboa" egin dutenak PP eta PSOE izan direla nabarmendu du, "ezetzaren frontea osatzen dutenak eta Euskal Herrian posizio politiko minoritarioa ordezkatzen dutenak", hain zuzen.
Biktimen inguruan sortu diren erreakzioen inguruan ere mintzatu da ezker abertzalea, gaur goizean emandako prentsaurrekoan. "Ez dugu adierazpen hau inoren aurkako ariketa bezala planteatzen, gatazka luze hau pairatu duten pertsona guztienganako erabateko errespetu eta errekonozimendu ariketa gisa baizik", azaldu dute.
Ezker abertzalearen arabera, "adierazpenaren aurka ekiten duten horiek uko egiten diote Euskal Herrian bestelako biktima asko eta asko daudela aitortzeari ere".
Egiaren Batzordearen aurka egin dutenei galdetu die zergatik dauden batzorde horren aurka, eta ea "egia osoa" ezagutzearen beldur diren.
Ezker Abertzaleak jakinarazi du adierazpenaren edukiak partekatzeko harreman dinamika bati ekingo diola datozen asteetan.