Sortu-ren erregistroa

Ezker abertzaleko eztabaidak ETArekin haustea ekarri duela esan du Iruinek

Bukatu da Sorturi buruzko auzia Gorenean. Epaileek egunotan jakinaraziko dute erabakia. Defentsa abokatuak adierazi du inoiz ez dutela ukatu Sortu ezker abertzaleko alderdia dela baina, legearen arabera, hori ez dela nahikoa legez kanpo uzteko. Fiskalak onartu du alderdiak bete-betean erantzuten diola legeari, baina dena "itxura" dela dio, eta alderdiaren estatutuek ETAri aipamena egitea haren kontra egiteko erabili du; ”legeak ez du horrenbeste eskatzen. Beste alderdiek ez dute egin; ez Aralarrek ez beste inork”. Sortu eta ezker abertzalearen aurreko erakundeen artean hausturarik ez dagoela frogatzeko eszisiorik ez dela izan esan du Estatuaren abokatuak. Oihana Elduaien BERRIAko kazetaria Gorenetik aritu da saioaren kontaketa egiten, Berriketan.info euskarazko sare sozialean. 

2011ko martxoaren 22a
22:19
Entzun

Bukatu du Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu ezker abertzaleko alderdiaren erregistroari buruzko auzia —atzo hasi zuen—, eta, maiatzaren 22ko hauteskundeen prozesua kontuan hartuta, datozen egunetan jakingo da 61. aretoko hamasei epaileek Sortu alderdien erregistroan onartuko duten ala ez. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak gaurko saioan euren tesiei heldu diete: Sortuk ez duela ETArekin eta Batasuna ezker abertzaleko legez kanpoko erakundearekin hautsi. Defentsak berretsi du haustura egon dela.

Goizeko hamarretan ekin diote gaurko saioari, eta Antonio Narvaez fiskalak onartu du Sortuk bete-betean erantzuten diola Espainiako Alderdien Legeari. Hala ere, eztabaida konplexuagoa dela adierazi du, eta Sortu "lege aldetik itxurak" egiten ari dela. Haren estatutuek ETAri aipamena egitea alderdiaren kontra egiteko erabili du Narvaezek; ”legeak ez du horrenbeste eskatzen. Beste alderdiek ez dute egin; ez Aralarrek ez beste inork”.

Fiskalaren aurretik Manuel Rivero Estatuaren abokatua mintzatu da, eta esan du Sortuk irudikatu nahi duela aldaketa egon dela ezker abertzalean, baina ez dela halakorik izan, eta ETA-Batasunaren "enegarren" erakundea dela hura.

Fiskalak ere ETArekin lotu nahi izan du. Haren arabera, ”prozesu demokratikoa” babestea, berez, ”perfektuki zilegi” da, baina kasu honetan termino hori ”jarraipena erakusten duen logo antzeko bat” litzateke, ETAk eta ezker abertzaleak ere erabiltzen dutelako. Sortuk ETArekin zein ezker abertzalearekin ez duela hautsi adierazi du fiskalak, ETAk "disidenteekin jarrera bortitza" izan duela, baina Sortu ”txalotu” egin duela da, eta hori frogetako bat ei da.

Estatuaren abokatuaren iritziz, Zutik Euskal Herria txostenean ezker abertzaleak ez zuen ETAren jarduera kritikatu, ezta baloratu ere. "Oraingo honetan dagoen ezberdintasun bakarra ETAren ahuldadeak bultzaturikoa da, ez baitago bere iritzia inposatzeko moduan. Dena den, pasa ezin litezken mugak ezartzen jarraitzen du, eta Sortuk ez ditu muga horiek pasatu".

Sorturen eta ezker abertzalearen aurreko erakunde batzuen artean hausturarik ez dagoela argudiatzeko, Riverok adierazi du ez dela sinesgarria, ez delako eszisiorik izan. "Poli-miliek ETA utzi zutenean bezala, edo Euskadiko Ezkerra eta Aralar sortu zirenean bezala, ez da kontrako ahotsik izan". Atzo Gorenean deklaratu zuten poliziek eta guardia zibilek azkenean onartu zuten ez dela horrela, eta ezker abertzalean estrategia aldaketa bat egitea erabaki zela. 

Defentsak ezker abertzaleko eztabaidari eman dio garrantzia

11:55etan bukatu du fiskalak eta, eten labur baten ondotik, ia 12:15eak zirela ekin dio bere agerraldiari Iñigo Iruin defentsa abokatuak. Adierazi du Sortu ezker abertzaleko alderdia dela ez dutela inoiz ukatu baina, legearen arabera, hori ez dela nahikoa legez kanpo uzteko.

Gakoa hor zegoela jakinda, ezker abertzaleko barne eztabaida ezkutatzea egotzi die Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari. Eztabaidak ETArekin haustura ekarri duela esan du Iruinek, eta eztabaidaren gakoa borroka armatuaren erabilera izan zela. ”Ez da edozein eztabaida izan. Eztabaida izan da, inoiz ez bezala estrategia politiko-militarraz hitz egin delako”. Horrek estrategia aldaketa ekarri zuela erakusten duten adierazpen eta agiri zerrenda osatu du.

Sorturen estatutuek indarkeria gaitzesteaz gain, bere hautetsiek ere hala egingo dutela bermatzen dutela ekarri die gogora Iruinek Goreneko magistratuei. Fiskaltza-eta ”legez kanporatze prebentiboa” eskatzen ari direla ohartarazi du, baina ez dela beharrezkoa dio, Estatuaren aldetik ”zaintzako legalizazioa” izango delako, eta ondoren Sorturen "iruzurra" balego ”tresna boteretsuak” dituelako Estatuak.

Sorturen legeztatzeak "Euskal Herrira bakea eta normalizazioa" ekarriko dituela nabarmendu du bukaeran Iruinek. 13:55etan amaitu da auzi saioa.

Atzo poliziek lekuko gisa deklaratu ondoren, alde guztiek azken ondorioak azaldu dituzte gaur.

Atzo hasi zen auzi saioa

Sortu legeztatu edo ez erabakitzeko auzi saioa hasi zen atzo, Madrilen, Auzitegi Goreneko 61. areto berezian. Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta, Sortu Batasunaren jarraipena dela argudiatu dute Espainiako Estatuaren Abokatuak eta Fiskaltzak, eta, beraz, ezker abertzalearen alderdi berria ez legeztatzeko eskatu diote Carlos Divar epailea buru duen eta hamasei magistratuk osatzen duten epaimahaiari.

Iñigo Iruin eta Adolfo Araiz abokatuek osatu dute defentsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.