Politika

Ezker abertzaleko hautetsiek bakea eta konponbidea aldarrikatu dituzte Loiolan agintarien aurrean

Etxerat-ek presoen egoeraren salaketa egin du leku berean. Jaurlaritza "gizarte batu eta baketsuago baten alde" ari dela adierazi du, berriz, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak.

2010eko abuztuaren 2a
10:08
Entzun
Azpeitiko Udaleko ezker abertzaleko hautetsiek bakearen eta konponbidearen aldeko kartelak erakutsi zituzten atzo Saninaziotak ospakizunetan Loiolan agintariei egiten zaien harrera ekitaldian. Zehazki, bakea, konponbidea, eskubide zibil eta politikoak eta hitza eta erabakia jartzen zuen txartel horietan. Gainera, Udalbiltza libre idatzita zeukaten elastikoak zeuzkaten jantzita hautetsi horiek.

Saninazio bigarrenean Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Diputazioko agintariek parte hartzen duten Loiolako ospakizunetan, eta ekitaldi hori baliatu zuten ezker abertzaleko hautetsiek beren aldarrikapenak plazaratzeko. Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua izan zen Jaurlaritzaren ordezkari. Hain zuzen ere, "gizarte batu eta baketsuago baten alde" ari dela lanean azpimarratu zuen gero komunikabideen aurrean. Markel Olano Gipuzkoako aldun nagusia, eta zenbait foru diputatu (Pello Gonzalez Ogasunekoa eta Maria Jesus Aranburu Kulturakoa, kasu) ere izan ziren ekitaldian.

Ezker abertzaleko hautetsiek ez ezik, Etxerat elkartekoek ere eraman zuten aldarrikapena Loiolara, horien kasuan, euskal presoen eskubideen aldekoa. Hala, presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzen duten banderola eta oihu artean hartu zituzten agintariak. Zelaak uko egin zion Etxerat-ekoek presoen egoera azalduz eman nahi zioten txostena jasotzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.