“Hemen bildu garen ezker abertzaleko kide guztiok Sorturen prozesu eratzailean parte hartzeko borondate irmoa dugu. Sortu prozesuan parte hartu eta herri honetan iraulketa demokratikoa lortzeko tresna berria eraiki nahi dugu horretarako prest dauden guztiekin. Era berean, ezker abertzaleko kidego osoari deia luzatzen diogu Sortu eratzeko prozesuan parte hartu eta Sorturen 'sortzaile' izan dadin”.
Garai eta arlo ezberdinetako ezker abertzaleko ehun kide inguruk osatutako ordezkaritza agertu dira gaur arratsaldean komunikabideen aurrean, Donostian, Sorturen legeztatzeari buruzko balorazioa egiteko. Aurrera begira, Sorturen eratze prozesuan parte hartzeko asmoa eta bide horretan bat egiteko deia egin diete ezker abertzaleko gainerako kideei.
Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrena izan dira bozeramaileak, eta haien ondoan ezker abertzaleko aurpegi ezagun ugari izan dira: Rufi Etxeberria, Txelui Moreno, Idoia Astui, Iñigo Iruin, Itziar Aizpurua...
Ezker abertzalearen ustez, Sorturen legeztatzeak “Estatuak bere garaian martxan jarritako legez kanporatzearen aroaren gaindipena suposatu behar du”. Alderdien Legeak porrot egin duela uste du ezker abertzaleak, “ezin izan dutela ezker abertzalea suntsitu, ezta ezker abertzaleak osatzen duen proiektu politikoa ezabatu”.