Ezker abertzalerik gabe irtenbiderik ez dagoela esan dio Barrenak PSOEri

Esparru demokratikoaren inguruko proposamenaren edukia gizarteratuko dute igandean

joxerra senar
2007ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Pernando Barrena Batasuneko mahaikideak atzo aukera baliatu zuen Espainiako Gobernuari eta PSOEri mezua igortzeko: «Astakeria handienak egin ditzakete, baina ez dezala inork zalantzarik izan herrialde honetan gizartearen zati handi batek, edozein baldintzatan, ezker abertzalearen ezkerreko proiektu independentista defendituko duela». Alde horretatik, azpimarratu zuen PSOEk zein Espainiako Gobernuak ondo dakitela ezker abertzalerik gabe ez dagoela konponbiderik.

Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, gogor kritikatu zuen Batasunako mahaikideak Espainiako Gobernuak Eusko Abertzale Ekintza legez kanpo uzteko iragarritako ekimena: «Harrigarria da bere burua nolabait ezkertiartzateta aurrerakoitzat duen gobernu batekeskubide zibil eta politikoak urratzeko prozesu bati ekingo diola proposatzea, besterik gabe, horrek hauteskundeetan etekinak ematen dizkiolako».

Barrenak argi utzi nahi izan dio Espainiako Gobernuari legez kanporatzeen ildoari eusteak ez diola inongo etekinik emango. Alde horretatik, gogorarazi du legez kanporatutako alderdi baten ekimenez etorri zela negoziazio prozesua, eta orain ere, «jazarpen olde honen guztiaren gainetik» ezker abertzaleak Euskal Herriko politika baldintzatzeko gaitasuna duela azpimarratu du.

Gaur egun ezker abertzalearen ekimen nagusia Hego Euskal Herrirako esparru demokratikorako proposamena da, eta horren edukia euskal herritarrei helarazteko «egun erraldoia» antolatu du ezker abertzaleak. Milaka militantek proposamen horren edukia banatuko dute Hego Euskal Herriko herri eta hiriburuetan.



NAFARROAN, LAU GILTZARRI. Nafarroako egoera politikoaren inguruko irakurketa egin du Barrenak. Bere ustez, batetik, kontuan hartu behar da iragan maiatzeko hauteskundeetan apartheid politikoa gauzatu zela udalerri askotan, eta batez ere, Nafarroako Parlamentuan.

Bigarrenik, aipagarria iruditzen zaio «PSNren eta UPNren arteko binomioa», sozialistei esker iritsi zelako Miguel Sanz Nafarroako lehendakari izatera.Hirugarrenik, Barrenak argi du binomio horren emaitza dela PSNk eta UPNk Nafarroaren «ikuspegi kolonialista» dutela: «Argi eta garbi,ez da ezer erabakitzen Madrilen oniritzirik gabe». Barrenaren ustez, «praktika politikoan UPNk eta PSNk ituna egin dute nafarrek inondik ere geroari buruz erabaki ez dezaten». Alderdi sozialistari leporatu dio hauteskundeetan iruzur egin zuela aldaketaren ideia saldu zuelako.

Laugarrenik, uste du Nafarroa Baik ideia abertzaleak eta aurrerakoiak baztertu dituela eta gobernura «nola edo hala» iritsi nahi duela. Bere ustez, koalizioak interes alderdikoiak lehenetsi ditu nafarren borondatearen gainetik.



«Inork ez dezala zalantzarik izan: gizartearen zati handi batek ezker abertzalearen proiektua defendituko du»

«Praktika politikoan UPNk eta PSNk ituna egin dute, nafarrek inondik ere geroari buruz erabaki ez dezaten»

Pernando barrena
batasuneko mahaikidea




Pueyok iragarri du ANV legez kanporatuz gero «indar handiagoz» arituko direla

Ezker abertzaleak «bataila asko galdu arren» inorkez duela gerra irabazi ohartarazi du Pueyok
erredakzioa

Iruñea

Marine Pueyo Eusko Abertzale Ekintzaren Iruñeko zinegotziak uste du azken urteetan ezker abertzalea «egoera dramatikoan» dela legez kanporatzeen ondorioz. Pueyoren ustez, «jo eta su» ari dira orain ezker abertzalearen aurka, eta Espainiako Gobernuak EAE-ANV legez kanporatzeko asmoa duela deritzo: «Frogarik ez da behar, horretarako borondatea baldin badago», salatu du. Hala ere, ohartarazi du ezker abertzalea hor egon dela, dagoela eta egongo dela, eta EAE-ANV legez kanpo utzita ere ezker abertzaleak «indar handiagoz» jarraituko duela.

ETBri eskainitako elkarrizketan, ANVren Iruñeko zinegotziak adierazi du «bataila asko» galdu dituela; «baina gerra hau inork ez du irabazi», gaineratu du. Izan ere, haren ustez, «ideiak ezin dira hil eta ezin dira itxi». Dena den, salatu du orain «dena prestatuta» dagoela EAE-ANV legez kanpo uzteko, eta horretarako ez du uste gobernuak elementu juridikoak behar dituela, «borondate politikoa bai baitu». Pueyoren ustez, «interes politiko argi bati erantzuten dion estrategia politiko bat da».

Atzo Espainiako komunikabide batek argitaratu zuen Poliziak eta Guardia Zibilak Batasunaren eta EAE-ANVren arteko ustezkolotura ekonomikoen berri balukeela. Pueyok erantzun du informazio hori eman duenak argudiatu egin beharko duela zer motako hartu-emana egon daitekeen, Batasunak ezin baitu konturik eduki, ez baita existitzen. «Zalantza dut existitzen ez den erakunde baten kontuetara dirua igortzea ANVk».

ETAren atentatuen gaitzespenaren inguruan ere mintzatu da Pueyo, eta uste du ezker abertzalea jazartzeko aitzakia baino ez dela. Pueyoren ustez, Espainiako Estatuak ez du «inolaz ere» utziko Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea izan dezan: «Hori argi utzi du negoziazio prozesuan, eta hau guztia hori lortzera zuzentzen da».

Bere ustez, PPk diseinatutako estrategia da legez kanporatzeena etaPSOEk indar handiarekin bat egin du orain. EAJk eta NaBaik «nolabait» bat egin dutela deritzo. Pueyok gaineratu du ANVk gatazkaren erroetara jo nahi duela: «Eta ez dugu uste gaitzespenekin arazoen erroetara jotzen denik, baizik eta horrekin egiten ari dena eta erabili nahi dena da gizartearen sektore bat jipoitu eta jazartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.