URRIAK 21

Ezker Anitza ez da bozetara EBrekin koalizioan aurkeztuko

Alderdiak aurreko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan hartutako erabakia berretsi du. 

2012ko abuztuaren 24a
19:29
Entzun

Mikel Arana IU-Ezker Anitza alderdiko koordinatzaile nagusiak baztertu egin du, gaur, urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Ezker Batua Berdeak alderdiarekin koalizioan aurkezteko aukera. Izan ere, alderdiaren presidentetzak berretsi egin du 2009ko hauteskundeetan EBrekin ez aurkezteko erabakia.

EBk "ezker ez-nazionalista" batzearen aldeko deia egin zuen, orain egun gutxi, baina Aranak EBk berak erabilitako konparaketa bat egin du ezezkoa argudiatzeko: "Zuhaitza Izquierda Unida baldin bada, Ezker Anitza haren adar bat da eta Ezker Batua ez, Izquierda Unidaren proiektua errefuxatu zuelako azkeneko Biltzar Nagusian". 

Aranak Ezker Anitzak Euskal Autonomia Erkidegoan bosgarren "espazio" bat bete nahi duela iragarri du, eta horretarako "hilabeteak" daramatzatela lanean espazio hori betetzen duten eragile politikoekin: "Equo, Antikapitalistak, Gorripideak eta hainbat independenterekin harremanetan jarri gara, frente antikapitalista indartsu bat sortzeko". Hala ere, azpimarratu du Ezker Anitzak ez duela derrigorrezko ikusten bat egite politikoak gauzatzea.

Era berean, alderdiak irailaren 7an hauteskundeetarako hautagaiak eta programa onartzeko biltzarra egingo duela iragarri du Aranak. "Egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko proposamen zehatzak egingo ditugu, egoera hau sortu duten sistema kapitalista eta neoliberalista gainditzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.