Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Ezker Anitzari babesa eman dio Alberto Garzon IUko diputatuak

Ekonomia aitzakiatzat hartuta herritarrak engainatzen ari direla ohartarazi, eta trebatu daitezela eskatu die

IUko diputatu Alberto Garzon, atzo, Leioan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Leioa
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herrira Ezker Anitza babestera etorri dela aitortu duen arren, Alberto Garzon IUko diputatuak argi esan du EHUren Leioako campusean egindako hitzaldirako zuen helburu nagusia: «Ekonomiaz ikasteko interesa piztu nahi dut; formatu eta ikuspegi ekonomista ulertzeko grina piztea da nire helburua, engaina ez gaitzaten». Eta lortu du. Ekonomiaren funtzionamenduari buruzko zertzelada pedagogikoak eman ditu; zer den kapitalismoa praktikoki azaldu du; zer behar duen, zein filosofia duen. Bizikletaren gurpilarekin alderatu du kapitalismoa: «Aurrera egin beharra du etengabean; erori egiten da bestela». Aurrera egite hori produzitzea da. Etengabe ekoiztea, ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren. Etekinak behar ditu gero eta gehiago; ez langileak hobeto bizitzeko, etekinak sortu dituen sistema horretan inbertitu eta gehiago produzitu ahal izateko baizik. Besteen aurretik egoteko, lehia baitu oinarri.

Sistema kapitalista horretan bizi gara; eredu horrek sortutako krisiaren erdian. Eta sistemaz aldatu ezean, okerrera egingo du egoerak Garzonen esanetan. Irauteko bi modu ditu kapitalismoak: Alemaniaren eredua, kalitatea eta teknologia oinarri dituena, eta Txinakoa: «Lehiakorrak izateko izugarri produzitzea, esklabo gisa bizi behar bada ere». Zeren, zorren zuloan ez sakontzeko, gehiago esportatzea da gakoa; inportatzen den baino gehiago esportatzea. Eta Espainia Txinaren ereduari jarraitzen ari zaiola ohartarazi du.

Pertsonen diru gaitasuna hobetuta ekonomia suspertzeko diru publikoa inbertitzea da beste bidea, IUkoaren hitzetan. Baina dio eskumari ez zaiola komeni, eta murrizketak herria «engainatuta» ezartzen ari dela. Formatzeko eskatu du, hargatik: «Ekonomiaz ikasi behar da, ez gaitzaten ekonomiaren izenean engainatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.