politika

Ezker Batuak eta Batzarrek akordioa lortu dute Nafarroako 2011ko foru hauteskundeetarako

Iruñeko eta Tuterako udal bozetara ere elkarrekin joango dira. Herrialdeko "indar eraldatzaileen ardatza indartzea" da bien helburua. 2003tik NaBai barruan egon da Batzarre. EBk duela lau urte bi parlamentari lortu zituen.

2010eko azaroaren 23a
13:43
Entzun
Ez da ustekaberik izan, eta EB Ezker Batua eta Batzarre elkarrekin aurkeztuko dira 2011ko maiatzaren 22an Nafarroako foru hauteskundeetara. Iruñeko eta Tuterako udal bozetara ere batera azalduko dira, eta beste herrietan gauza bera egiteko prestutasuna agertu dute. Gaur jakinarazi dute aurrekordioa.

2003ko eta 2007ko hauteskundeetan Nafarroa Bai koalizioan aurkeztu zen Batzarre, Aralarrekin, EArekin, EAJrekin eta independenteekin. Datorren urteko bozetarako negoziazioetan, ordea, desadostasunak izan ditu koalizioko kideekin -Aralarrek eta EAk pisu handiegia izango dutela iritzi dio- eta NaBai uztea erabaki du. 1999ko bozetan EH barruan izan zen Batzarre. 1995ean bakarrik aurkeztu zen: 6.509 boto, parlamentaririk ez.

Ezker Batuak, berriz, 2007an bi parlamentari lortu zituen -14.337 boto-, 2003an lau, 1999an hiru, 1995ean bost.

Krisi ekonomikoari aurre egiteko "Nafarroako indar eraldatzaileen ardatza indartzea" da EBren Batzarreren xedea, eta aldaketa "ezkerraren nahitaezko baloreei buruzko hitzarmen programatikoen inguruan" gauzatzea: "Injustiziaren kontrako eragingarria izan, elkartasuna, askatasuna, tolerantzia eta berdintasunarekiko konpromezua, giza eskubideen errotiko defentsa".

Hauteskunde progamako ardatzak

- Nafarroa sozial, jasangarri eta lagunkidea.

- Elkarbizitza integratzailea, identitate aniztasuna normaltzen duena.

- Autogobernuaren garapena.

- Sistema demokratikoaren kalitatea eta parte-hartzeko eta erabakitzeko tresnen hobekuntza.

- Krisi ekonomikoaren aurrean, langile, pentsiodun, langabetu, autonomoak eta abarren aldeko aterabidea, Ongizate Estatua indartzen duena.

- Eskubide sozial eta ekonomikoen bermea.

- Publikoak diren zerbitzu hauen errefortzua: osasunbide publikoa eta doakoa; kalitatezko eta eleaniztuna den irakaskuntza publikoa; denentzako zerbitzu sozialak.

- Etorkinen integrazio sozialaren alde.

- Garapen jasangarria eta ingurumenaren defentsaren alde.

- Emakume eta gizonen berdintasuna errealaren alde.

- Sexu orientazio librearen alde.

- Bake kultura eta desmilitarizazioa.

- Normaltasun politikoaren aldeko politika eta ETAren amaiera eta geroko adiskidetzea.

- Nazioarteko elkartasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.