"Hautatua izan den erakunde politikoari traizioa" egin izana egotzi dio Mikel Aranari Jose Navas Ezker Batuko (EB) bozeramaileak, hark atzo jakinarazi baitzuen Eusko Legebiltzarrean hemendik aurrera IU-Ezker Anitza ordezkatuko duela eta ez EB, 2009ko hauteskundeetan EBtik aurkeztu zen arren. "Gure erakundeari botoa eman zion herritarrari egindako iruzur politikoa da".
IU-Ezker Anitzak "birsortze" batzarra egin zuten larunbatean, Leioan. "Erakunde hau ezkerrekoa da, antikapitalista, errepublikarra eta federala da", adierazi zuen Aranak, eta Euskal Herrikoa, baketsua eta internazionalista dela ere aipatu zuen. Leioako bilkuran izan zen Cayo Lara IUko koordinatzailea.
Ezker Batuko azken zatiketaren ondorioz, EB orain bost zinegotzirekin eta Arabako bi batzarkiderekin geratu da, eta IU-Ezker Anitza sei zinegotzirekin eta eusko legebiltzarkidearekin. "Aranaren erakunde berriaren lehen pausoa kargu publikoak lapurtzea izan da", salatu du Navasek.