Javier Madrazok joan den igandean Ezker Batuaren presidentetza utziko zuela iragarriz gero Ezker Batuaren baitako krisia gero eta handiagoa da, eta Mikel Arana koordinatzaile nagusiak Javier Madrazoren ingurukoez esandakoak areagotu egin ditu bi aldeen arteko diferentziak. Zuzendaritza aldaketak azaltzera atera da Arana, eta prozesu horretan Madrazori leporatu dio "estatu kolpea eman nahi izana" Ezker Batuaren barruan. "EBren organu gorena, Euskadiko Kontseilu Politikoa aldatzeko erabakia hartu du talde batek, gehiengoak haren alde jar daitezen, eta norbaitek gehiengoak aldatzen dituenean estatu kolpeaz soilik hitz egin daiteke".
Aranak joan den astelehenean EBren presidentetzan egindako aldaketak azaldu ditu gaur, Madrazok "arrazoi pertsonalengatik" presidente kargua utzi ondoren. Madrazok arrazoi horrez gain, esan zuen EBren baitan elkar ulertzeko zailtasunak zeudela. Astelehenean aho batez onartu zuen EBk, Aranaren arabera, zuzendaritzaren osaketa aldatzea, ardurak "kolektibizatzeko" asmoz, hiru kideren zuzendaritzatik 11 izatera igarota. Horrek ondorio batzuk dauzka, besteak beste, Madrazoren aldeko Sergio Fernandez eta Serafin Llamas zuzendaritzatik ateratzea, eta hori dela eta, Madrazoren aldeak Kontseilu Politikoa deitu du biharko, zuzendaritza aldatzeko.
Aranaren arabera, alderdien estatutuek esaten dute kontseilu horrek balioa izateko koordinatzaile nagusiak han egon behar duela, alegia, Aranak behar luke bileran, eta "hori ez da gertatuko".
politika
Ezker Batuan "estatu kolpea" eman nahi izana leporatu dio Aranak Madrazori
EBren Kontseilu Politikoaren gehiengoak aldatzeaz akusatu du koordinatzaile nagusiak presidente ohiaren aldeko sektorea, alderdiaren barruko ezberdintasunak areagotuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu