Aberri Egunaren atarian, ezker abertzalea, Aralar, EA, AB eta Alternatiba ezkerreko indar abertzaleek elkarrekin egin dute gaur arratsaldean ekitaldia: Donazaharren. Bakea, konponbidea, elkarrizketa politikoa, indar metaketa, Euskal Herriaren eraikuntza eta independentzia aldarrikatu dituzte. 500 lagun bildu dira areto batean; bete egin da.
Besteak beste, ezker abertzaletik Maribi Ugarteburu, Xabi Larralde eta Txelui Moreno izan dira, Aralarretik Patxi Zabaleta, Dani Maeztu eta Rebeka Ubera, EAtik Maiorga Ramirez, ABtik Joseba Garai eta Alternatibatik Jon Lasa.
Euskal Herriak “benetako bakea eta konponbide politikoa” behar dituela esan dute; “irabazlerik eta galtzailerik gabeko bakea eta eskubide guztiak lortzeko bidea irekitzen duen bakea: erabakitzeko eskubidea, giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak”.
Bide hori egiteko “elkarrizketa politikoaren aldarria” egin dute ezker abertzalea, Aralar, EA, AB eta Alternatibak. “Gaur egun elkarrizketa politikoa islatzeko ezinbestekoa da alderdi guztien legeztatzea eta alderdien mahaia eraikitzea”. Nazioarteko laguntza eta sostengu oro eskertzen dituztela gogoratu dute.
“Euskal Herriaren eraikuntza” ere helburu dutela azaldu dute. “Zatiketa eta ukazio guztien gainetik, Euskal Herri osoko indar abertzale eta ezkertiarrak aktibatzeko engaiamendua hartzen dugu”. “Independentziaren bidean lan egitea eta urratsak egitea” da haien xedea. Bost eragileak "ezkerreko independentisten eta subiranisten arteko akordio estrategiko nazionala" lantzen ari dira, martxoan iragarri zutenez.
Aurtengo Aberri Eguna "berezia" izango dela uste dute. “Izan ere, 1512ko Nafarroako konkistaren 500. urteurrena gogoratzen dugu. Halaber, 1937ko Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena oroitzen dugu aurten”. ETAk borroka armatua uzteko erabakia, Aieteko Konferentzia edota Gernikako Akordioa ere aipatu dituzte. “Euskal Herria bizirik dago!”.
Bihar, berriz, Iruñeran izango dira ezker abertzalea, Aralar, EA, AB eta Alternatiba, Independentistak sareak egingo duen ekimenean. 12:00etan manifestazioa hasiko da, Golem zinema aretoen aurrean, eta ondoren festa izango da Trinitariosen.