Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Ezkerreko balioak hartu ditu ahotan Lopezek, gazteen botoa galdegiteko

PSEko gazteekin batu da Lopez; «neoliberalismo aseezina» eta «EAJk eta Bilduk ekarriko luketen geldialdia» salatu ditu

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ezkerreko balioen goraipamena eginez eskatu du gazteen botoa Patxi Lopezek, PSE-EEren lehendakarigaiak. Politikan parte hartzea garrantzitsua dela ohartarazi zien alderdiko gazteei atzo Gasteizen eginiko ekitaldian. Ulerkor azaldu zen, ordea, gazteek politikari bizkar ematearekin. «Botere ekonomikoak kontrolatzeko gai ez dira izan gobernuak. Ez dugu maila eman». Egoera bideratzeko gai ikusten du bere burua Lopezek: «neoliberalismo ase ezinari» eta haren ustez EAJk eta EH Bilduk ekarriko duten «geldialdiari» aurre egingo diela jakinarazi du.

Beste era bateko ekitaldia egin zuen PSE-EEk atzo. 400 bat gaztek bete zuten Gasteizko Foruen Plaza; ehun gazte Jaurlaritzan egin asmo duten urte bakoitzeko. «Ari, ari Patxi lehendakari» oihu eginez, manifestazio itxuran jaitsi ziren guztiak, errenkan, plazako harmailetan behera. Beste itxura bat eman nahi izan zuen Lopezek berak ere. Gorbatarik ez zuen eraman. «Zuekin hitz egin nahi dut gaur», adierazi zien gazteei. Hori esatearekin bat, kendu egin zuen jaka soinetik, eta jertse normal bat agertu zuen. Gazteek, berriz, kamisetak zeramatzaten soinean, Lehendakari Patxi idatzita zeukatenak aurreko aldean.

Jarraitzaileen oihu eta txaloek behin eta berriz eten zuten hautagaiaren jarduna. Eskerrak eman zizkien hark, PSE-EErekin «inplikazioa» izateagatik. Gazte guztiei mezu bat helarazi zien, ordea: «Ez uste izan berdin diola nori bozkatu. Ezkerreko politika behar da».

Murrizketekin ados ez daudenen eta ezkerrekoen botoa nahi du Lopezek: «Dei egiten diet ez ditzaten besoak jaitsi. Haien botoa behar dugu. Haiek ez badute botorik ematen, beste batzuek erabakiko dute haien partez. Haien kontra erabakiko dute, gainera».

«Europatik at»

Aurrera nola egin baitago jokoan bozetan, PSE-EEren arabera. Herri ereduaz: «EH Bilduk eta EAJk independentzia eta zatiketa nahi dituzte, iraganera itzuli». Ohartarazi du horrek kalte egingo diela herritarrei: «geldialdia» eragingo duela, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «Europatik at» geratuko direla. Europari subiranotasuna «uztearen» alde egin du Lopezek.

Ekonomiaz eta gizarte ereduaz: «Oinarrizko zerbitzuak daude jokoan hauteskundeetan». Banketxeei milioika euro eman izana auzitan jarri du Lopezek gazteen aurrean. «Lagundu, eta gero jendea etxetik bota? Onartezina da». Krisia «betikoen bizkar» uztearen aurka egin du, langileak gogoan.

Jaurlaritzara EAJ iristen bada hori egingo duela ohartarazi du: «Raxoik bezalaxe jokatuko du Urkulluk. Sega ezkutatuta dauka EAJk». Jeltzaleek esana dute aurrekontua %10 inguru jaitsi beharko lukeela Jaurlaritzak. «Nondik egin nahi duen argitu beharko du Urkulluk». Mozketak ez egiteko bidea proposatu du Lopezek: zerga iruzurrari aurre egin eta gutxiago pagatzeko zirrikituak itxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.