Gazte sozialista eta independentisten bilgune izango den mugimendua eratzeko lehen hazia jarri dute gaur goizean dozenaka gaztek Zarautzen, Gipuzkoan. Gazte Zukgua izenarekin hasiko dute mugimendua egituratzeko prozesua. “Une batean ikusi genuen gazte mugimendua tresnarik gabe zegoela, eta horri buruz gogoeta egiten aritu gara udan, herriz herri”, azaldu dute. Eztabaida horretatik ondorioztatu dute baietz, gazte mugimenduak behar duela egitura bat. Hori taxutzeko gogoeta egingo dute udazken eta negu partean. Martxoaren 2an, kongresu batean, sortuko da taldea.
Berrehun bat lagun elkartu dira goizean Zarauzko Gaztelekuan. Mugimenduak oinarri izango dituen bost ardatzak gune gisa banatu dituzte: Eraiki, Eztabaidatu, Harremandu, Izan eta Ekin. Guneka, jolasen bidez aritu dira herriz herri udako eztabaidak eman duena partekatzen. 200 herritan baino gehiagotan izan dira gogoeta prozesuak udan, eta 800 bat lagunek hartu dute parte.
Aurrerantzean ere eredu horri berari jarraituko diote mugimendua nola eratu erabakitzeko. Jende are gehiago batzea espero dute. “Gazte mugimenduko espresio ezberdinak batu nahi ditugu”. Hiru eztabaidagai izango dituzte hurrengo hilabeteetan: gaur egungo egoera, Euskal Herriko ziklo politiko berria eta gazte mugimenduaren estrategia. Martxoan emango dute adostutakoaren berri.