espaiNIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK

Ezkerreko hautagaitza bateratuaren sustatzaileek ez dute horretarako baldintzarik ikusten

Hala ere, etorkizuneko hauteskunde dinamikei begira “proiektua irekita” mantendu behar dela uste dute.

Hautagaitza bateratuaren sustatzaileak, gaur, Bilbon. ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2015eko irailaren 30a
07:51
Entzun

2015eko uztailaren 22an, unibertsitate eta herri mugimenduetako 26 pertsona ezagunek “Aro politiko berriaren aldeko hautagaitza bateratzaileak osatzeko deialdia” izeneko agiria aurkeztu zuten. Euren asmoa zen ezker soziala -independentista zein erabakitzeko eskubidea aitortzen duten indarrena- Espainiako hauteskunde orokorretarako hautagaitza bakar batean biltzeko proposatzea. Zenbait alderdiri euren proposamena aurkeztu ondoren, ikusi dute horretarako aukerarik ez dagoela.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, agiriaren sustatzaileek esan dute EH Bilduk aintzat hartu duela proposamena; Podemos-Ahal Dugu-k, berriz, baztertu egin du Espainiako hauteskundeetarako “daukan indarra ezagutu nahi duelako”, baina ez du erabat baztertu hauteskunde autonomikoetarako; eta Ezker Anitzak “urruntasun handiagoa” erakutsi du, eta “interesgarritzat” jo badu ere, une honetan Ahal Dugu-rekin bakarrik aliantza egitea lehenesten du.

Nafarroan ere aurkeztu zuten proposamena, eta, esan dutenez, hasiera-hasieratik Batzarrek eta Geroa Baik ezezkoa eman zioten horri; geroago, abuztuaren 19an beste zenbait eragilek antzeko proposamen bat egiten zutela ikusita, atxikimenduak biltzen jarraitu baina protagonismoa bigarren plataforma horren esku uztea erabaki zuten. Edozein modutan, Nafarroan ere horrelako hautagaitza bateratzaile bat sortzeko zailtasun handiak daudela berretsi dute.

Agiriaren sinatzaileek esan dute alderdi bakoitzak egindako aukera errespetatzen dutela eta beraiei ez dagokiela alderdien jokabidea epaitzea, baina nabarmendu dute, euren ustez, proposamenak zituen alde positiboak, “beharrezkoa, pedagogikoa, eraldatzailea, berria, gizarte zibilak sustatua eta bateragarria” zelako, eta gaineratu dute “bilgune bateratzailearen proiektua irekita” mantendu behar dela etorkizuneko hauteskundeetarako.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.