Egoera ekonomikoa hartu du hizpide Arantxa Tapia Kongresurako EAJren Gipuzkoako hautagaiak, Tolosan. Krisi ekonomikoari aurre egiteko proposamenak aurkeztu ditu. Izan ere, haren hitzetan, «Espainiak ezin gaitu langabezia eta ekonomia krisiaren hondamendira eraman».
Ezkerreko politikak defendatzen dituztenen jarrera kritikatu du, ondoren: «PSE eta ezker abertzalea esaten ari dira ezker politika egiten dutela, baina politika horrek ez du teknologia inbertsiorik; ez diote industriari laguntzarik ematen, gure enpresei esker Euskadik ezberdin izaten jarraitu duen arren». Hortaz, EAJren ustez zer-nolako ekonomia bultzatu behar den azaldu du Tapiak: «Enpresei laguntzen ez bazaie, ez dugu enplegua sortuko, eta, ondorioz, ez dugu ez dirua biltzeko, ez ongizatea mantentzeko aukerarik izango; eta, gainera, gizarte oreka desagertuko da».
Ezker abertzalearen eta PSEren aurka egin du berriz. Ekonomia eztabaidagai hartzean «orain beste lehentasun batzuk» daudela esatea egotzi dio ezker abertzaleari. PSEri, euskal gatazkarik ez dagoela eta krisiari buruz soilik hitz egin behar dela defendatzea.
Autogobernuan sakondu
EAJk «krisiak Euskadin ahalik eta eragin txikiena» izan dezan lan egingo duela adierazi du Kongresurako hautagaiak. «Horretarako, gure helburua honako hau izango da: autogobernuan sakondu ongizatea hobetzeko, enplegua sortzeko eta Euskadin dugun bizi-kalitateari eusteko».
Ezkerreko mezuak kritikatu ditu, eta enpresak lagundu behar direla dio Arantxa Tapiak
«Krisiak Euskadin ahalik eta eragin txikiena izateko» lan egingo dutela adierazi du EAJren hautagaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu