Ezkertiar eta abertzaleei egin inkestaren emaitzen berri emanen dute

Zatiketak gaindituz biharko ezker abertzalea osatzeko asmoz egin galdeketari 1.650 lagunek erantzun diote

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Zatiketak gaindituz biharko ezker abertzalea osatzeko asmozegin inkestaren emaitzak plazaratuko dituzte bihartik larunbatera, aurkezpen publikoen bidez. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako abertzale eta ezkertiar militanteei banaturiko inkestaren emaitzak bihar 19:30ean Hendaian aurkeztuko dituzte, etzi 20:00ean Kanbon eta larunbatean 10:00ean Angelun eta 14:00ean Izuran. Emaitzen lehen hartzaileak «militanteak berak» izatea nahi dute, «horiek dutelako ariketa egin».

Urritik abendura 3.500 galdeketa banatu zituzten, eta hiru hilabetez erantzunak azterturik, bigarren fasea abiatuko dute orain.Ezker abertzalearen arloan zer egin behar den eztabaidatzea eta erabakitzea izanen da ondoko pausoa. «Benetan herrietako militanteen iritzietan oinarrituz», biharko ezker abertzalearen proiektua finkatu nahi dute. Askotariko pentsaerako abertzale talde batek zuen inkestaren egiteko beharra sentitu. Orain duela bi urte kasik hasi ziren gogoetan, mugimendu abertzalearen barneko zatiketak gainditzeko nahikeriarekin. ABren, Batasunaren, EAren, Autonomia Eraikiren eta Segiren sostengua jasotzeaz gain, berrogei bat militantek osatu talde baten babesa ere badute.

Parte hartze «handia»

Hastapen batean 1.500 galdeketa banatu behar zituzten, baina azkenean 3.500 eman zituzten eskutik eskura. Horietarik, 1.650 jaso dituzte. Erantzun tasa «oso ona» dela dio Asier Etxenike soziologoak. Galderen formulazioan laguntza ekartzeaz gain, erantzunen irakurketa egin du Etxenikek, Francois Mimiague Bordeleko Unibertsitateko irakaslearekin. Erantzun dutenen artean, bi herenak lapurtarrak dira, %28 Nafarroa Beherekoak eta %4 Zuberoakoak. Adinari doakionez, %5ek 65 urte baino gehiago dute, %33k 50 eta 64 urte artean, %30k 35 eta 49 artean eta %32k 35 urte baino gutxiago. Inkestaren harrera onaz «poztu» dira antolatzaileak, eta, diotenaz, horrelako ariketa egin izana «eskertu» dute militanteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.