Gipuzkoa eta Nafarroa artean goi tentsioko linea bat egiteko asmoarekin aurrera jarraitzen du REE Red Electrica de España enpresak. Proiektu horren aurkako plataformak jakinarazi du proiektua exekutatzeko baimena eskatu diola REEk Espainiako Gobernuari. "Presaz" eskatu du, gainera. 170 alkatek sinatutako agiriak eraman dituzte gaur bertan plataformako kideek Espainiako Gobernuak Gipuzkoan daukan ordezkaritzara. Goi tentsioko linearen tramitazioa eteteko eskatu dute.
Herrietan mugimenduak areagotzen hasi diren garaian eskatu du baimena REEk. Galdeketak egiteko asmoa dute Goierriko hiru herritan ekainaren 16an; bihar jakinaraziko dute Nafarroako zein herri batu zaizkion asmo horri. Plataformak uste du herrietako mugimendua ikusita eskatu duela baimena presaka REEk.
Kontua da Espainiako Gobernuak etenda dauzkala goi tentsioko lineen tramitazioak. Ez, ordea, exekuzio lanak. Madrilek etena agintzerako mahai gainean baitzegoen Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko linea. Plataformak nabarmendu du linea horiek justifikatzeko datuak zaharkituta geratu direla —krisiaren aurretik egin zituzten, eta energia eskaria asko handituko zela iragarri zuten; jaitsi egin da, ordea—, eta uste du energia esportatzeko eraiki nahi duela linea hori REEk.
172 alkatek sinatutako eskariak eraman dituzte gaur Espainiako Gobernuak Gipuzkoan daukan ordezkaritzara. 216 udal eta kontzejutan onartu zituzten aurrez mozioak, eta azaldu dute astebetean bildu dituztela 172 alkateen eskariak.