Ezkutukoak, argitara

Orain arte esan ez diren hainbat gauza esaten ditu Jose Felix Azurmendik liburu honetan. Edo hain argi behintzat esan ez direnak.

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Erabat publikoak dira Jose Felix Azurmendik liburua egiteko erabili dituen dokumentu gehienak. Hala ere, orain arte jakinak ez ziren edo hain argi esan ez ziren hainbat kontu jaso ditu. Esate baterako, idatzita datoz zein ziren EAJren eta Espainiako zerbitzu sekretuen (CNI) arteko kontaktuak Washingtonen, Venezuelan eta Argentinan, MI5eko buru zein zen, eta hark noiztik eta noiz arte izan zituen harremanak Irujorekin, Frantziako Poliziarekin izandako harremanak eta abar. Hona hemen hiru adibide:

Guardia Zibilari esker

ETAkideei bidea erakutsi zien

ETAren III. batzarra egiteko toki bila zebiltzala, bi guardia zibilek lagundu zien erakunde armatuko kideei, Azurmendik liburuan jaso duenez. 1964ko apirila zen, eta Izaban jarria zuten hitzordua. Villavesa autobusean iritsi ziren gehienak, eta bidea autoz egin zuten Iparraldetik joan zirenek. Iritsi orduko konturatu ziren han ez zegoela batzarra fundamentuz egiterik. Taberna eta denda zen borda bat zegoen irekita, eta han, bi guardia zibilekin egin zuten topo. Mugaz bestalde, Santa Grazira joatea pentsatua zuten ETAko kideek (Zuberoa). Guardia zibilek erakutsi zieten harako bidea, ikasleak zirela sinetsita. Kontuz ibiltzeko ere esan zieten, aurretik ere galdu zela han jendea. Erdi galduta, elurretan eta kaleko arroparekin, goizaldera iritsi ziren. Han, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k eta beste batzuek Baionara (Lapurdi) eraman zituzten, eta han egin zuten batzarra.

Carrero Blanco

ETA, onarpen eske

1973an egin zuen ETAk bere historiako atentaturik arrakastatsuenetako bat: Luis Carrero Blanco almirante eta politikari espainiarra hil zuen Madrilen, abenduaren 20an. Jesus Mari Leizaola erbesteko lehendakariak, ordea, ez zuen sinetsi nahi atentatua ETAk egin zuela. ETAk onartu zuen ekintza, eta Poliziak ere ez zuen dudarik. Prentsaurrekoa ere eman zuen ETAk, zalantzan zeudenak konbentzitzeko. Leizaolak bereari eutsi zion. Liburuan jasota dago nola ETAko kideak Martin Ugalderengana joan ziren, hegazkina hartu eta Mikel Isasirekin batera Parisera joan behar zutela agintzeko, han, Leizaolari zuzenketa bat exijitzeko.

Halaxe joan ziren Parisera, eta etakideek hiru gauza eskatu zizkioten Leizaiolari: atentatua ETAk egin zuela onartzeko, erakunde armatuak gobernuarekin inolako zerikusirik ez zuela argi uzteko eta ETAri buruz hitz egiteko «grupúsculo» izena erabili izana zuzentzeko.

Ugaldek berak Irujori idatzi zion eskutitz batean ere Leizaolaren jarrera salatu zuen, atentatua ez onartzeagatik, «bere kabuz» eta informazioa zeukatenei «galdetu gabe» esan zuelako ez zela ETA izan.

Rolando kafetegia

ETA izan zen

Liburuan argi esaten da, ETAk hiru bider ukatu zuen arren, Madrilgo Rolando kafetegiko atentatua erakunde armatuak egin zuela. 1974ko irailaren 13a zen poliziaz beteta egoten zen Rolando kafetegian bonba bat lehertu zenean. Baina Rolandok azpitik lotura zuen alboko mariskeria batekin, eta han izan ziren hildakoak. Hamahiru lagun hil eta 70 zauritu zituzten, guztiak zibilak. ETAk ukatu egin zuen bera izan zela, baina atentatuaren egileek jakinaraztea nahi zuten, egia «iraultzailea» dela argudiatuta. Hori izan zen ETA militarraren eta ETA politiko militarraren haustura ekarri zuen arrazoietako bat.

Pertur

Eskuin muturrera begira

1976ko uztailaren 23an desagertu zen Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur. Eskuin muturreko taldeek egiletza onartu bazuten ere, ETAko komando bereziei egotzi zaie desagertze hura, urteetan. Familiak ere tesi horrekin bat egin du. Baina, Azurmendik liburuan jaso duenez, hasieran ez zuten zalantzan jartzen Espainiako eskuin muturra izan zela. Alberto Elosegik —Perturren aitaren lehengusuak—, Irujori idatzitako gutun batek hala dio: «Seguru daude polizia paralelokoek hil dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.