Enpresak

Fagor Grupo Mueblesek 35 enplegu sortuko ditu 2018ra arte

Lehiaketatik atera eta 2015eko fakturazioa halako hiru egitea aurreikusi dute 2018rako, 18 milioi eurora arte. Fagor marka alboratuko dute, negozio eredua "irauli" egin dutela argi isla dadin. "Geure kabuz hegan egin nahi dugu", esan du Francisco Vera presidenteak.

Hurrenez hurrn, Fagor Grupo Muebleseko presidente Francisco Vera, SPRIko buru Alexander Arriola, eta Fagor Grupo Muebleseko zuzendari Jorge Alvarez. JUAN HERRERO / EFE
xabier martin
2016ko maiatzaren 10a
07:49
Entzun

Maecenas Kapitalek Fagor Grupo Mueblesen akzioen %75 bereganatu zituen 2013an. Aurretik Mondragon taldearekin eta ixtera zioan Azpeitiko altzari kooperatibaren langileekin akordioa eginda. Korporazioak %15 hartu zuen, eta langileek, beste %9. Haiek nolabaiteko kooperatiba txiki bat egin zuten SL batean sartzeko. Formula berritzailearekin abiarazi zuten enpresa. Gaur etorkizun oparoa espero dutela azaldu dute arduradunek Donostian.

Oparoa baita iazko negozioa halako hiru bihurtzea 2018rako. 18 milioi euroko fakturazioa espero dute, eta 55 langilek osatzen duten lantaldea 80ra arte handitzea. 2012an 105 ziren langile bazkideak; haietatik herenek erretiroa edo aurre-erretiroa hartu zuten; beste herenak enpresa berriko akziodun eta langile bihurtu ziren; eta azken herenek Mondragoneko kooperatibetan lanpostu berria daukate edo lan poltsan daude zain.

Enpresa berriaren jabea, ordea, Maecenas Kapital funtsa da, eta Francisco Vera presidenteak zuzentzen du Azpeitiko Danona enpresa zena. "Euskal kooperatiben kultura enpresariala gure egin dugu, eta espiritu horrek ahalbidetu digu langileen erabateko ahalegina, esaterako malgutasunean". Izan ere, negozio eredua goitik behera aldatu du funtsak Fagor Grupo Mueblesen. "Orain ez ditugu egiten hiru sukalde hiru bezerorentzat, hotel bateko 400 edo 600 gela bezero bakarrarentzat baizik". Produktua ez, zerbitzu oso bat ematen du Fagor Mueblesek.

Filosofia, hein handi batean, eta negozio eredua zein enpresaren egitura juridikoa erabat aldatu ondoren, irudi korporatiboa ere aldatuko dela esan du Verak. Fagor marka alboratuko dute fase berri batean sartu direla garbi adierazteko. Mondragonekiko lotura hor dago, ordea. Akzioen %15 dauzka Arrasateko taldeak, eta Maecenas Kapitalek derrigortasuna dauka aurrerantzean lanpostu berriak sortzean kooperatiba ohiaren langile zirenen lan poltsari erreparatzeko. Behar diren soslaiak aurkitzen ez baditu, kanpoan bilatuko ditu behargin berriak.

Hoteleko gela osoak egiten

Izan ere, 2018rako 35 kontratazio egingo ditu Azpeitiko enpresak, 2016-2018ko plan estrategikoa betetzen bada behintzat. Gaur egun lanean diharduten langileen gehiengoa enpresaren %9aren jabe da, baina langile berriak soldatapeko izango dira. Edonola ere, Francisco Verak garbi utzi du Danona kooperatibaren garaiak oso atzean geratu direla. "Gaur egun hotel bateko gela osoa egiten dugu; gelako ile lehorgailua ere guk jartzen dugu". Horrek esan nahi du Gipuzkoako hornitzaile sarea ere elikatzen dela.

Eta, hornitzaileei dagokienez, Fagor Muebleseko arduradunek garbi utzi nahi izan dute euren zor guztia pagatu dutela haiekin, 3,7 milioi euro. Enpresaren martxa ona eguneroko zenbakiek berresten dute. Apirilera arte 8 milioi euroren eskaerak jaso dituzte. "Gure sektorean ekonomia suspertu egin da argi eta garbi". Horregatik, aurten mozkinak izan dituzte estreinakoz, salmentak %189 igota, 7 milioi eurora arte. "Ez gara altzari ekoizle bat, zerbitzu osoa ematen duen enpresa baizik, eta hedatzera goaz, nazioartean salmentak handituz". Salmenta guztien %84 nazioartean egin ditu Azpeitiko enpresak, baina gehiago nahi du. "Eta marjina ematen digun nazioartekotzea egingo dugu bakarrik", ohartazi du taldeko presidenteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.