politika

Falange y Tradicion elkarteak bere gain hartu ditu Euskal Herrian egindako azken erasoak

"Independentismoaren eta komunismoaren aurka" aritu da, gaur oharrean esan duenez. Iazko urritik egindako ekintzak hartu ditu bere gain: frankismoaren biktimen oroitarrien aurka, Espainiaren aldeko eta Euskal Herriaren eta ezker abertzalearen aurkako pintaketak... Sonia Polo Bilboko txupinerari bala berak bidali ziola jakinarazi du.

2009ko irailaren 22a
13:53
Entzun
Aurten -batik bat, udan- Euskal Herrian hainbat eraso egin dituzte frankismoaren biktimen oroitarrien aurka, edota Espainiaren aldeko eta Euskal Herriaren eta ezker abertzalearen aurkako pintaketak ere egin dituzte eraikin publiko eta pribatuetan, eta eraso horietako askok badute egilea: Falange y Tradicion elkartea. Oharra atera du gaur, eta bere gain hartu ditu 25 ekintza. "Independentismoaren eta komunismoaren aurka" aritu da, bere esanetan.

Eskuin muturreko taldeen sinbologia erabili dute erasoetan, baina sinadurarik gabe edo orokorrean Falangearen izenean. Gaur etorri da zehaztasuna, baina baliteke denak ez izatea berak egindakoa. 2008ko urritik burututakoak hartu ditu bere gain: Arguedas, Baztan, Bera, Elizondo, Lesaka, Iruñea, Tutera, Doneztebe -islamaren aurkako erakusketa-, Orkoien -Pasionaria zenaren aurkako kalea-, Getxo, Irun, Tolosa edota Oiartzun aipatu ditu.

Sonia Polo Bilboko Aste Nagusiko txupinerari gutuna berak bidali ziola jakinarazi du -bala bat jaso zuen, "separatista etakidea" izateagatik; anaia preso du Sonia Polok-.

"Mugimendu espainiar patriota" bezala definitu du bere burua Falange y Tradicionek, eta oharrean dio Espainiako Estatuan "benetako erregimen kristaua eta nazionala" ezarri nahi duela.

Eusko Jaurlaritza berriari "ongi-etorria" eman dio -PSE dago agintean maiatzetik, PPren babesarekin-.

2009an izan diren erasoak

Oroitarrien aurka. Pintaketak egin eta kalteak eragin dituzte: Amaiurko gotorlekuan (Nafarroa); Intxortan (Gipuzkoa); Artesiagan (Nafarroa); Aritxulegi mendian (Gipuzkoa); Ezkaba mendian (Nafarroa); Aitzoaingo eta Berriobeitiko hilerrietan (Nafarroa) eta Lasa eta Zabalaren oroitarrietan (Tolosan, Gipuzkoa). Halaber, Bidarrai eta Gixunen (Nafarroa Beherea) svastika-k margotu dituzte.

Heriotz mezuak. Mehatxatu dituzte: Lesaka, Bera, Orkoien eta Arbizuko (Nafarroa) udaletako hainbat zinegotzi eta langile; Iruñerriko hainbat gazte; Sonia Polo Bilboko jaietako txupinera; Iruñeko Ezpala, Zurgai eta Ipar Gorri tabernak eta memoria historikoa berreskuratzeko taldeetan dabiltzan hainbat lagun.

Suteak. Lehergailuak jarri eta suteak eragin dituzte: Tuterako Herriko Tabernan; Argedasko Gaztetxean (Nafarroa). Arkaitz Goikoetxea presoaren gurasoen etxean(Getxo, Bizkaia).

Dena dela, bahiketak eta desagerpenak ere izan dira aurten. Hala, ordu batzuz bahitu eta laguntza emateko eskatu zieten ustez poliziek Lander Fernandez bilbotarrari eta Alain Berastegi arbizuarrari (Nafarroa). Jon Anza donostiarra apirilaren 18tik desagertuta dago -Baionan ikusi zuten azkeneko aldiz Ahetzeko (Lapurdi) bizilaguna-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.