Falange talde ultraeskuindarrak bihar Bizkaiko hiruburuan egin nahi duen elkarretaratzearen aurka "jarrera argi batekin" agertzeko eskatu dio Bilboko Udalari Bilduren udal taldeak. Txema Agirreazkuenagak Bozeramaileen Batzordearen bilera eskatu du, udalaren aho bateko adierazpena lortzeko helburuz.
Albiako lorategietan egin nahi dute elkarretaratzea ultraeskuindarrek, epaitegiaren eta Sabin Etxearen aurrean, Hispanitatearen eguna dela eta, "Espainiaren batasunaren aurka separatista euskal herritar eta katalanek bota duten hordagoaren aurka".
Txema Azkuenaga bozeramaileak azpimarratu du gizarteak ez duela zertan jasan horrelako ekitaldi bat, "zeinean antolatzaileen helburua, euren webgunean aitortzen duten bezala, Euskal Herria iraintzea, desberdinen kontrako bortizkeria goraipatzea eta Frankoren hilketak gorestea den".
Gizarte eragileen salaketa
Lau Haizetara Gogoan memoria historikoaren aldeko elkarteak salaketa jarri zuen elkarretaratzearen aurka. Argudiatu dute horrelakoak delitua egiteko baliatu izan dituztela lehenago. Azkuenagak eskatu du udalak talde horien salaketarekin bat egiteko.
Lau Haizetara-k gogorarazi du, gainera, horrelako mobilizazioetan faxismoaren biktimak iraindu eta mespretxatu egiten dituztela eta bandera eta ikur naziak erakusten dituztela.