Urriaren 15ean, bi guardia zibil eta haien bikotekideak jo izana leporatuta, bi gazte atxilotu zituzten Altsasun (Nafarroa). Soka luzea eragin zuen; auzia terrorismotzat jota, Espainiako Auzitegi Nazionalak bere burua eskuduntzat jo zuen gertatutakoa ikertzeko, baina herritar ugarik "polizia azpijokoa" salatu zuten.
Orain, Falange alderdi faxistak sinatutako pintaketak azaldu dira liskar hura gertatu zen taberna kanpoaldean. Alde batean, alderdiaren ikurra ageri da, eta bestean, mezu bat: "Pikoletokin aise, Falangekin kasu".
Iruñeko 3. instrukzio epaitegiak hartu zuen hasiera batean auzia, baina, Covite elkarteak Madrilen salaketa jarri ostean, bere gain hartu zuen Auzitegi Nazionalak. Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio epaitegiko magistratuaren arabera, "eraso bortitza" jasan zuten bi guardia zibilek eta haien bikotekideek urriaren 15eko goizaldean. Haatik, Foruzaingoak bere atestatuan ondorioztatu du taberna giroko liskarra izan zela eta sei pertsonak parte hartu zutela. Hala, Foruzaingoaren nola Guardia Zibilaren txostenek gezurtatu dute eraso planifikatua izan zela eta 50 lagunek parte hartu zutela. Bi txostenen arabera, taberna barruan sortu zen tentsioa, baina kolpeak kanpoan izan ziren, eta kontraesanak azaleratzen dira bi guardia zibilen zein euren bikotekideen deklarazioetan.
Horri guztiari muzin eginda, Lamelaren autoak aipatzen du erasoaren ostean elkarretaratze bat egin zela Alde hemendik leloa erabiliz. Jarraian, segurtasun indarrek Euskal Herriko zenbait herritan «jazarpena» jasaten dutela dio, atzean kanpaina antolatu bat dagoela irudikatzeko. 1980ko eta 90eko hamarkadan negoziazioei begira KAS Alternatibak eta Alternatiba Demokratikoak segurtasun indarrek Euskal Herria uzteko exijentzia zutela justifikatzen du, azkenik. Hori guztia esanda, "delituzko gertaera larria" deritzo liskarrari.