Politika

Falta diren eskuduntzen transferentzia epeak zehazteko exijitu dio Jaurlaritzak Madrili

Autogobernuari buruzko hitzarmena onartu du gaur Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, eta hartan oinarrituta falta diren eskuduntzak jasotzeko epeak zehatz ditzala exijitu dio Espainiako Gobernuari. Era berean, espetxe arloko eta gizarte segurantzako eskuduntzak lehenbailehen transferitzeko berehala alde biko negoziazio batzorde bat abian jartzeko galdegin dio Madrili. Eskaera hori ez dagoela indarrean dagoen ordenamendu juridiko-politikoa aldatzeko "borondate legitimoarekin" kontraesanean nabarmendu du Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeak.

2005eko uztailaren 19a
18:01
Entzun
Gernikako Estatutua behar den bezala garatzeko EAE Euskal Autonomi Erkidegoari falta zaizkon eskuduntzak jasotzeko egutegi bat zehazteko eskau dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari. Egutegi hori urte amaiera baino lehen osatzea nahi du Gasteizek, eta hartan falta diren eskuduntzak guztiak jasotzeko epe zehatzak finkatzea.

Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen hitzarmenean presa berezia adierazten da espetxe arloko zein gizarte segurantzako eskuduntzekiko: bi eremu horietako ahalmenak lehenbailehen jaso nahi ditu Gasteizek, "normalizazio politikoa lagun dezaketelako", eta, ondorioz, bata zein bestea negoziatzeko alde biko batzordeak berehala eratzeko deia egin dio Madrili.

Idoia Zenarruzabeitia Jaurlaritzako lehendakariordeak eman du erabaki horien berri Gobernu Kontseiluaren batzarraren ondoren; helburua Gernikako Estatutuaren erabateko garapena dela azpimarrat du Zenarruzabeitiak.

"Falta diren eskuduntzen transferentzien negoziazio prozesuari heltzeko erabateko borondatea du Jaurlaritzak, leialtasun instituzionaletik, zorroztasun juridiko-teknikotik eta ahal den gardentasun handienetik abiatuta, eta jarrera alderdikoeitatik aldenduz", esan du lehendakariordeak. Jaurlaritzaren asmoa Gernikako Estatutuaren "irakurketa zorrotz, zintzo eta leiala" egitea dela erantsi du Zenarruzabeitiak, eta hori ez dagoela kontraesanean egungo ordenamendu juridiko-poltikoa aldatzeko "borondate legitimoarekin".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.