Bart goizaldeko bostak aldera kontrolatu dute atzo arratsaldean Faltzesen piztu eta Azkoieneraino (Nafarroa) zabaldu den sutea. Sua Azkoiengo hirigunetik 300 metrotara zegoenean kontrolatu dute, Nafarroako Gobernuaren arabera. Nolanahi ere, guztiz itzaltzea ez dutela lortu zehaztu dute, eta suhiltzaileek eta larrialdietako beste taldeek lanean jarraitzen dutela. Une honetan hiru su foko daude piztuta, baina kontrolatuta dauzkatela azpimarratu dute Nafarroako Gobernuko iturriek. Ipar haizea bizi dabil inguru hartan, eta horixe da garrak suspertzeko arriskurik handiena. Arratsaldean haizea indar handiagoz ibiliko delakoan, suak itzaltzeko ahalegin osoan ari dira une honetan.
Sutea atzo arratsaldeko lauak aldera hasi zen Faltzesen. Lehen ikerketen arabera, jende talde batek arranparrillan otordua egin zuen Faltzesko landa ingurune batean, eta hango garrekin sua piztu eta bizkor zabaldu zen eremu zabal batera haize biziaren eraginez. Bizilagunek ohartarazita izan zuen Nafarroako Larrialdietarako Agentziak sutearen berri, eta hiru parketako suhiltzaileak, helikoptero bat eta hidrohegazkin bat bidali zituen arren, garrak oso indartsuak eta haiek hartutako eremua oso zabalak ziren jada. Ohartzerako, bost kilometrotan zabaldu ziren eta Azkoienera iritsi. Lehen kalkuluen arabera, 500 bat hektarea erre dira.
Azkoienen herrigunera asko hurbildu da sua, bizilagunak arriskuan ikusteraino. Hala, 500 bat bizilagun beren etxeetatik aterarazi dituzte eta kanpoan igaro behar izan dute gaua. Haietatik 58k herriko kiroldegian, Gurutze Gorriak artatuta, eta gainerakoek senide eta lagunen etxean. Goizean zehar itzuli dira euren bizilekuetara.
Nafarroako Foruzaingoak bost lagun atxilotu ditu sutearekin zerikusia dutelakoan. Arestian aipatu bezala, lehen ikerketen arabera arranparrilla bat izan da sutea eragin duena, eta ustez otordu hartan parte hartu zuten bost lagunak atxilotu dituzte Faltzesen, axolagabekeriaz jokatu dutelakoan. Atxilotutako bost lagunak bihar eramango dituzte epailearen aurrera.
Sutea
Faltzes eta Azkoien inguruko sutea kontrolatuta, baina hiru gunetan sua bizirik dago oraindik
Hala ere, bi herrietara lasaitasuna itzuli da. Izan ere, Azkoiengo 500 bat bizilagunek etxetik kanpora igaro behar izan dute gaua: 58k kiroldegian eta gainerakoek senide eta lagunen etxeetan. Bost lagun daude atxilotuta sutea eragin duen arranparrillako otorduan parte hartu zutelakoan. Bihar eramango dituzte epailearen aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu