Familia simetrikoaren betiko ajeak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek ardurak partekatzen dituen familia jo dute «idealtzat»; ordea, ikerketa batek azaldu du gizon askok goretsi ohi dutela egiten duten lana.

Berdintasunaren Aldeko Gizonen Foroak egindako ekintza bat. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Simetrikoa. Horrelakoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek irudikatzen duten familia eredu «ideala». Simetrikoa. Aitak eta amak etxetik kanpo egiten dute lan eredu horretan. Etxeko lanak ere partekatzen dituzte, eta, nola ez, seme-alaben zaintzaz arduratzen dira biak. Simetria. Herritar gehienek horren alde daude. Ordea, hitzetik ekintzara jauzi egitean simetria teorikoaren ajeak agertzen dira, eta, historiari jarraiki, emakumearen bizkar geratzen dira etxeko arduren eta zaintza lanen pisu nahiz erantzukizun gehienak.

Hitzen eta ekintzen arteko kontraesan horiek ikertu ditu Deustuko Unibertsitateak Euskadi eta Nafarroako balioen aldaketa XXI. mendeko hasieran liburuan. Raquel Royo Soziologian doktoreak kontrajarrita dauden bi gertaerez ohartarazi du; «rolen iraultza» bizi dela jakinarazi du, baina, aldi berean, «oinordetutako joera» batzuekin batera ematen ari da iraultza hori.

Emakumeak ohiko lan merkatuarekin duen harremana da Royok zehaztutako ideia horren erakusle. Hain zuzen ere, etxetik kanpoko lana «independentzia iturri nagusia» da emakumeentzat; hamar pertsonatik zortzik pentsatzen dute hori. Baina, hamar pertsonatik lauk uste dute eskolara doazen seme-alabek «sufritu» egiten dutela amak etxetik kanpo lan egitean.

Royok azaldu du gizartean umeen zaintza emakumearekin lotzen jarraitzen dela, eta, ondorioz, etxetik kanpo lan egiten duen emakumearengan eragiten duela, ez gizonarengan. «Seme-alaben zaintza emakumeei lotzeak azaltzen du amak, lan eginez gero, errudun sentitzeko arrazoia». Halaber, gaineratu du egoera horrek adingabeak ibilbide profesionalean duten «oztopo» bihurtzen dituela.

Bat egin, bi zenbatu

Ideia hori berretsi du Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak familiari buruz egin duen ikerketa. Inkestatutako hiru pertsonetatik bik uste dute seme-alabak izateak emakumeen ibilbide profesionala baldintzatzen duela. Galdeketari erantzun dioten hamarretik bakar batek, berriz, uste du gizonei eragiten diela.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren inkestak bestelako gakoak ematen ditu familia simetrikoaren ajeak azalarazteko. Gizonek egiten duten lanari benetan duen garrantzia baino handiagoa eman ohi diotela. Victor Urrutiak, Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduradunak seme-alabekin ematen duten denboraren pertzepzioa erabili du baieztapen hori argudiatzeko. Emakumeen erdiek pentsatzen dute bikotekidea baino denbora gehiago ematen dutela seme-alabekin. Ordea, gizonen ia erdiek uste dute denbora berdina ematen dutela bi gurasoek. «Gizonak duen pertzepzioa geometrikoa da: apur bat gehiago eginez gero, uste du bikotekideak beste edo gehiago egiten duela».

Eusko Jaurlaritzak 2001ean egin zuen inkestarekin alderatuta, %20 igo dira etxeko lanak egunero partekatzen dituztela esan duten gizonak, eta %23 seme-alabei etxeko lanekin laguntzen dietenak. Bi kasu horietan gizonen erdiek diote zeregin horietan laguntzen dutela.

Askatasuna eta errespetua

Bestetik, arduren partekatzeari buruzko datuez gain, seme-alabekiko harremanaren bilakaera nabarmendu du Urrutiak. Hain zuzen ere, gurasoen eta adingabeen harremana «demokratizatu» dela nabarmendu du, baina, horren ildotik, gurasoenganako errespetua galdu den pertzepzioa dagoela zehaztu du. Inkestatuen %85ek uste dute seme-alabek askatasun handiagoa dutela orain hogei urte baino. %77ren ustez, berriz, gurasoekiko errespetuak behera egin du.

Datu horiek aitaren eta amaren autoritatearekin lotu ditu Urrutiak. Hain zuzen ere, nabarmendu du azken hamabost urteetan gurasoen autoritatea mantentzearen alde daudenen kopurua %22 igo dela; inkestatuen %92k baieztapen horren alde egin dute. Seme-alaben eta gurasoen artean, berriz, denetarik hitz egin behar dela uste dutenak jaitsi dira, oraindik ere ia hamarretik bederatzi diren arren.

Azkenik, seme-alabek gurasoenganako duten konfiantza igo dela pentsatzen dute hamar inkestatutik lauk, eta uste dute seme-alaben arteko berdintasuna ere gora egin duela. Baina, hiru inkestatutik bik uste dute familiarekin ematen den denbora jaitsi dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.