Joxe Amiama. Irakasleen eta familien trebatzailea

«Familiaren eta irakasleen artean beste harreman mota bat sortu behar da»

Hezkuntza alorrean aldaketa handiak gertatzen ari direla eta horrek familien eta irakasleen arteko erlazioetan ondorio handiak izango dituela uste du pedagogia irakasleak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Hik Hasik antolatutako topaketetan parte hartu du Joxe Amiama (Tolosa, 1965) EHUko irakasle eta familia nahiz irakasleen formatzaileak. Eta bi esparru horien arteko harremanaz aritu da, ia osotasunean irakasleek osatutako ikasleekin —denak emakumeak—. «Sarritan irakasleen oporrez jarduten gara, baina niretzat oso pozgarria da ikustea oporretan ereprest daudela ikasteko».

Eskolak eta familiak barku berean joan behar dutela esan izan da askotan. Zein funtzio dauka bakoitzak haurraren edo nerabearen hezkuntzan?

Familia eta eskola sistema ezberdinak dira, antolamendu ezberdina dutenak. Baina helburu oso antzekoa dute: umea heztea eta umea aurrera ateratzea. Historikoki, eskola arduratu da edukiaz: Frantziako iraultza, fotosintesia eta abar. Baina hori aldatzen ari da eta helburu orokorrak beste batzuk dira gaur egun: elkarrekin bizi, norberaren mugak ezagutu, gorputza zaindu... alegia, familiaren helburuak ere badirenak. Eskolak hartu ditu betidanik etxeetan landu izan diren gai batzuk, adimen emozionalarekin lotutakoak, esaterako. Horrela, gaur egun familia eta eskola elkarrekin doaz elementu askotan. Azken batean helburu nagusia helburu bera da denontzat: umeak eta gazteak arduratsuak izatea jakiteko bizitzen ezagutzen ez dugun testuinguru batean. Ez dakigu zein mundutan biziko diren, baina prestatu egin behar ditugu. Eta ardura oso elementu inportantea da.

Irakasleentzat aldaketa handia suposatu du horrek?

Bai, azken urteetan aldaketak izan dira. Eskolak esfortzu handia ari dira egiten eta hori baloratu egin behar da. Orain arte testu liburuetan eta aspektu kontzeptualetan zegoen oinarritua eskola. Hori aldatzea eta horren ordez, Internet, Power Pointak eta planteamendu konpetentzialagoak ezartzea aldaketa handia da. Baina gaur egun eskola gehienetan daude elkarbizitza plana, tutoretza plana... elementu berriak, historikoki ez direlako egon. Gauzak mantso aldatzen dira, baina esfortzu handia ari da egiten hezkuntza komunitatea, eta planteamendu horrekin, ezinbestekoa da familiarekin hainbat gauza adostea. Lehen ez, fotosintesia irakasteko hor zegoelako irakaslea. Baina nahi badugu autoerregulazio emozionala, besteekin ikasi eta ardurak hartzea...

Haurrak edo nerabeak ardurak hartzea da gakoa?

Etxe batzuetan entzuten da: «Haurra zentratu behar da ikasketetan eta ikasketak atera behar ditu. Eta etxeko lanak, hau da, ohea egin, harrikoa... guk, gurasook egingo dugu». Bada, ikerketek esaten dute, etxeko lanak egiten dituzten horiek direla eskolan ere emaitza hobeak lortzen dituztenak. Eta hori arduren planoa da. Sistemak ezberdinak dira, baina arlo batean, etxeko lanetan, umeak ardura hartzen badu, errazago hartuko du ardura eskolan ere.

Nolanahi ere, eskolak eta familiak ez dute zertan ikusmolde bera izan.

Bai, horrela da, eta gatazkak ere sortuko dira. Garbi izan behar dugu zer nahi dugun, eta horrek ematen digu zentzua. Proiektua umea edo gaztea da. Mikel edo Ainara. Baina abiapuntua ezberdina da, eta batzuetan, gainera, batzuen eta besteen interesak kontrajarriak dira. Irakasleek, adibidez, ekainean ordutegia moldatzen dutenean, hori bera oztopo bihurtzen da familientzat. Baina hori horrela da. Eta irakasleak joaten dira Mikelekin edo Ainararekin egotera profesionalak direlako. Soldata baten truke. Eta gurasoak ez. Gurasoak lupa emozionalak gara. Umea kontent badago, gu ere kontent. Eta alderantziz. Irakasleek distantzia handiagorekin ikus dezakete ume bat. Eta bakoitzaren planoa zein den kontuan izan behar da harremanetan. Baina denok, guraso nahiz irakasleok, nahi dugu Mikel edo Ainara aurrera ateratzea. Hori bai, zehaztu egin behar da barkuaren elementuak zein diren, eta etxean nahiz eskolan zer egin dezakegun.

Zein dira horretarako gakoak?

Normalean, gatazkak sortzen dira ikasleak klaseko dinamika ondo eramaten ez duenean. Notak direla edota liskarrak dituela...Eta hori da elementurik zailena. Historikoki, eskolak gatazka dagoenean bakarrik jo du familiarengana. Eta hori aldatu egin behar da. Batzuetan gurasoek oso berandu daukatelako egoera okerraren berri. Harremanek joriak izan behar dute. Adibidez, DBHn, batzuetan ikaslea ondo joan bada, ikasturte amaierako bilera ez da egiten. Niri iruditzen zait gurasoak denbora gutxi igarotzen dugula eskolan. Urtean hiru bat ordu? Oso gutxi da. Irakasleek lotura bat dute ikasleekin, materiaren bidez. Baina gurasoekin ez dute materiarik, eta sortu egin behar da beste harreman mota bat.

Eskolak hartzen du kontutan gaur egungo familiak anitzak direla?

Pixkanaka ari da aldatzen. Planteamendu berriak plano teorikoan sartzen dira hasieran, gero ontzat ematen dira buruan eta, gero, denbora behar dute praktikara eramateko. Adibidez, gure gurasoei galdetuko bagenie nork erabili behar zuen plantxa, erantzuna garbia izango zen: etxekoandreak. Guri galdetzen badigute, gehienok esango dugu ezetz, emakume eta gizonezkoen lana dela. Horrek esan nahi du marko teorikoa onartua dugula. Baina zenbat gizonezkok egiten dute plantxa? Bada, eskolan ere antzera gertatzen da. Onartuta dugu familiak anitzak direla, baina, praktikan, arbola genealogiko bat egiten badugu, segituan ama eta aita jartzen ditugu. Eta gaur egun, hainbat familiatan ez dira existitzen figura horiek. Edo horietako bat. Errealitate horiek ezagutuegin behar ditugu, eta errealitate horiek eraman behar ditugu gure praktikara. Hori kosta egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.