Familiek haur bakoitzeko hilero pentsio bat jasotzea proposatu du Aralarrek

Erredakzioa
2008ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Seme edo alabak hemezortzi urte bete arte familiek hilero pentsio bat jaso dezatela proposatu dio Aralarrek Eusko Jaurlaritzari. Proposamena Familien Sostengurako Lege proiektuari egindako zuzenketa baten bitartez aurkeztu du. «Muinean diru laguntzen sistemaren eredua bera aldatzea proposatzen dugu», azaldu zuen Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak. Ezenarroren ustez, neurri hori jaiotzak sustatzeko politiketatik harago doa. «Seme edo alaben zaintzan lagunduko duten laguntza sistema berria ezartzea proposatzen dugu».

Pentsioak baremo baten arabera banatuko lirateke, eta hiru adibide jarri zituen. Hiru seme-alaba adingabe dituen familia batek, urtean 50.400 euro baino gehiagoko diru sarrera gordinak dituena, 90 euro jasoko lituzke ume bakoitzeko. Familia egitura berak 50.400 eta 42.000 euro arteko diru sarrerak izango balitu, 112,5 euro jasoko lituzke seme edo alaba bakoitzeko. Azken mailaketan, familia berak 33.600 euroko diru sarrerak izango balitu, 140,6 euroko pentsioa jasoko luke ume bakoitzeko. Azken kasu horretan, 5.062 euro jasoko lituzke familia horrek, «zerga arintzeekin baino 2.962,5 euro gehiago», zehaztu zuen Ezenarrok.

Proposamen horrekin, errenta aitorpenean seme edo alaba bakoitzeko egiten den zerga arintzea berraztertu beharko litzatekeela gaineratu zuen Ezenarrik, eta proposamena «irekia» dela aipatu zuen.



ETXEBIZITZAREN OSAGARRIA. Legebiltzarrean egindako agerraldian, Ezenarrok gogoratu zuen Eusko Jaurlaritzak oraindik ere ez duela onartu etxebizitzaren osagarria izeneko laguntza. Etxebizitzak ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntzea helburu du osagarri horrek. Oinarrizko errenta Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatara gerturatzea ere eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.