Espainiako hauteskundeak

Fase politiko berrian sakontzeko aukera ikusten du ezker abertzaleak

"Herri bezala erantzutera" dei egin du. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak dio gaur egungo egoera Rodriguez Zapaterok 2006ko su-etenarekin hartu zuen "jarrera ausartaren ondorio" dela. EAk subiranotasunaren eta Euskal Herriaren eskubideen aldeko apustua eginez parte hartuko duela esan du Juanjo Agirrezabalak.

2011ko uztailaren 30a
15:38
Entzun

Ezker abertzaleak Euskal Herrian ireki den fase poliko berrian sakontzeko aukera ikusten du atzo Jose Luis Rodriguez Zapaterok azaroaren 20rako egin zuen hauteskunde orokorrerako deialdian. "Hauteskunde hauek, beste edozein helbururen gainetik, prozesu demokratikoa bultzatzeko, herri bezala dagozkigun eskubideak bultzatzeko eta Espainiako estatua eta hurrengo gobernua gatazkaren konponbide oso batera bultzatzeko balio behar dute".

Azaroaren 20ko hauteskundeak alderdien gainetik daudela iritzi dio ezker abertzaleak, eta "herri bezala" erantzutera dei egin du. Bozak garai berriak indartzeko "palanka" behar dutela izan esan du, "herri batasunaren bitartez". Indar subiranistak gora datozela eta PPk eta PSOEk ordezkatzen duten blokea geroz eta ahulago daudela uste du ezker abertzaleak, eta hori aintzat hartuz jokatzera deitu du.

"Gehiengo independentista, Espainiako Legebiltzarrera"

Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasunako parlamentariak esan du berak ez dakiela Bildu Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeetan egongo den, baina EAk subiranotasunaren eta Euskal Herriaren eskubideen aldeko apustua eginez parte hartuko duela. Euskal Herrian gehiengo independentista dagoela erakusteko helburuarekin egingo dutela lan gaineratu du Agirrezabalak: "Hori izango da gure leit motiv, eta Espainiako Legebitzarrera hori eramateko egingo dugu lan".

Gaiarekin jarraituz, EAJri galdetu dio ea eurek ere gehiengo independentista Madrilgo ganberara eramango duten: "Euskal Herria defenditzea Gernikako Estatutua defenditzea bada, guk ez dugu EAJrekin bat egiten, Estatutua agorturik baitago, beste marko juridiko-politiko bat behar dugu. Hori da Espainiako Legebiltzarrera eramango duguna. Eramango al du EAJk?". Marko berrirako jauzi horretan herritarrek independentzia aukeratu ahal izatea eskatu du, eta PP eta PSOEri gatazka behin betiko gainditzeko prozesua babesteko eskatu die.

Rodolfo Aresek dio ETArena dela "biolentzia bakarra"

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak esan du gaur egun dagoen "biolentzia bakarra ETArena" dela, eta bere ustez "pedagogikoa" litzateke Bilduk ETAri behin betiko desagertzea eskatzea. Aresek gaineratu du ez duela ulertzen "Bilduk gauzei euren izenarekin deitzeko duen beldurra". Dei egin dio Bilduri ETAk "traba egiten duela" esatera. 

"Egiten duenean eman ahal izango dizkigu demokrazia eta herri honekiko konpromiso lezioak, orain arte euren burua demokratatzat jotzen zuten askok jendea hiltzen zutenean beste leku batera begiratzen baitzuten".

Aresek, gainera, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak ETArekiko, bakearekiko eta biolentziarekiko izan duen kezka nabarmendu du. Aresen hitzteetan Zapaterok "jarrera ausarta" izan zuen 2006ko su-etenean, "bake-prozesua hasiz", eta gaur egun "tunelaren amaieran argia ikusten bada" Zapateroren ekimen politiko horren "ondorio" dela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.