Immatrikulazioak

Fedearen izenean, pribatizazioa

Elizari bukatzen ari zaio ondasunak bere izenean erregistratzeko denbora. Lege aldaketak, ordea, ez du aipatzen orain arte bereganatutakoak itzultzeko beharra.

Abaiz eliza berreskuratzea lortu dute Lergako herritarrek. LEIRE SEVILLANO / NAFARROAKO HITZA
arantxa elizegi egilegor
2014ko maiatzaren 4a
10:50
Entzun

Espainiako Konstituzioko 16. artikuluak dio "Estatu akonfesionala" dela. Madrilen erabakiek, ordea, bestela pentsarazten dute. Eliza katolikoak ez du higiezinen gaineko zergarik ordaintzen, nahiz eta instituzio pribatua izan eta milaka milioi euroko balioa duten ondasun eduki. Horretaz gain, itunpeko ikastetxe erlijiosoek diru laguntza oparoak jasotzen dituzte, eta estatuak ordaintzen ditu artzapezpiku, apaiz edota erlijio irakasleen soldatak. Akonfesionala izateak modua ematen du erlijio jakin bat besteen aurretik lehenesteko, diru laguntzak emanez, besteak beste. Espainiako gobernuen jokabidea, ordea, askoz haratago joan da.

Badira zazpi urte argitara atera zela Eliza katolikoak, isilean, bere izenean jarritako milatik gora jabetzen auzia. Geroztik, hainbat plataforma eskatzen ari ziren bertan behera uzteko artzapezpikuei inoren izenean ez zeuden lur eta eraikinak beren izenean jartzea ahalbidetzen zien legea; tartean, Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataforma. Duela aste batzuk Mariano Rajoyren gobernuak amore eman behar izan zuen, erdizka soilik bada ere. Ministroen Kontseiluak onartu egin zuen Hipoteka Legea aldatzea, eta Elizari eraikinak bere izenean jartzeko eskainitako abantailak kentzea. Hori bai, erabakia indarrean sartuko da BOEn argitaratu eta urtebetera. "Lotsagarria da. Eliza katolikoa beti joan izan da Madrilen eskutik, eta baita orain ere. Azken finean, erabaki dutena ez da izan artikulua indargabetzea, Elizari denbora gehiago ematea baizik; 'Mugi, urtebete geratzen zaizue eta!', esan izan baliote bezala", gaitzetsi du Pascual Larunbek, Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataformako kideak.

Ipar Euskal Herria ez bezala —han, gurtzarako tokiak publikoak dira, eta administrazioak kudeatzen ditu—, Hegoaldean Elizak dagoeneko bere izenean jarriak ditu herriak eraikitako eta herriarenak behar luketen eraikin, egoitza eta lurrak. "2007an kasualitatez kontu honekin topo egin genuenetik, batek baino gehiagok deitu izan dit haserre, esanez hilerri hau edo etxe hura bere izenean jarria duela artzapezpikuak; atsekabetuta bere guraso edo aitona-amonen hilobia jada ez delako familiakoa, apaizarena baizik. Egia da, garrantzitsua da gu ere horretaz kezkatzea, baina hemen mugitu behar dutenak Parlamentuan eta Gobernuan ditugun ordezkariak dira, eta gaur arte ezer gutxi egin dute", salatu du Larunbek. Orain arte, Nafarroan egindako immatrikulazioen berri soilik eman dute agintariek: 1.087 denera. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, ordea, apenas eman den azalpenik; besteak beste, datu biltzen lan izugarria egin behar delako. "Zer gertatzen da Begoñako katedralarekin? Norenak dira Gasteizko katedrala eta Artzain Ona? Non daude gure ordezkariak? Egia da, bai, izan direla mugimendu batzuk. EH Bilduk, esaterako, Bizkaiko ermitei buruz galdetu zuen aspaldi ez dela. Baina hori ez da nahikoa. Ez gara lur eremu hartaz edo beste ermitatxo hartaz soilik ari; esaten ari gara instituzio pribatu batek bere egin dituela herriarenak diren ondasunak", nabarmendu du Larunbek.

"Eliza paradisu fiskal bat da. 1998 eta 2007 bitartean, haien esku geratu dira nekazaritza lurrak, mahastiak, biltegiak, etxeak, trastelekuak eta abar. Gurtzarako toki modura erregistratzen dituzte, eta era horretan edozer jar dezakete beren izenean", ohartarazi du Juanjo Picok, Europa Laikoa taldeko komunikazio arduradunak. Negozioa erraza da: erregistratze gastuak ordainduz etxe edo lursailaz jabetu, eta gero hura saldu. Horixe egin zuten Ziritzan (Nafarroa). Han herriak apaizari eta irakasleari emandako etxeak bere izenean jarri zituen Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak, eta udalak ez zuen izan haiek erostea beste irtenbiderik, berreskuratu ahal izateko.

Koherentziarik ez

Larunbek aurrerapausotzat jo du Hipoteka Legeko 206. artikulua eta araudiko 304.a indargabetuko duen aurreproiektua: "Txikia bada ere, urrats bat da". Baina ez da hori plataformaren helburua; ez, behintzat, azkena. "Koherentziaz jokatzen badugu, lehengora itzuli behar dugu. Batzuetan ahaztu egiten dugu Eliza katolikoa erakunde pribatua dela eta ezin dituela hartu, besterik gabe, herriarenak diren ondasunak. Batzuek leporatu digute Elizari eraso egitea; esan ere egin digute ea herria ezin ote den bere parrokian sartu. Ez da hori guk dioguna, aurkakoa baizik. Noski, apaizak etxea behar du, irakasleak edo medikuak behar duen bezala. Baina horrek ez du esan nahi apaiza joaten denean artzapezpikuak hura sal dezakeenik. Argiago esateko: pilotariena al da frontoia? Edo maisuarena eskola? Ez, ezta? Bada, berdin gertatzen da gurtzarako tokiekin ere, ez dira Elizarenak!", azaldu du Larunbek. "Herriak beti izan du borondate ona behar duenari laguntzeko. Nik gogoan dut, Iruñearen ondoko herri txiki batean zinegotzi izan nintzenean, herrian bizi ziren mojak etorri zitzaizkigula esanez ez zutela berogailurik eta ia jartzerik ote genuen, eta jarri genien. Baina hori, edo guztiona dena eurentzat hartzea, alde handia dago".

Gatazka honetan hiru puntu nagusi nabarmentzen ditu plataformak: pribatizazioak, legedia eta alor etikoa. Izan ere, elkarbizitza eta zintzotasuna aldarrikatzen duen erakunde hori bera egin da, isilpeko tratuen bidez, milioika euroko balioa duten ondasunen jabe. "Eliza katolikoaz ari gara, Ebanjelioa defendatzen omen duen horretaz. Bere burua jainkoaren ordezkaritzat saltzen du, eta gero halakoak egiten ditu. Hauxe da kristautasunaren kontrako adibiderik argiena. Lotsagabea eta lapurra izan beharra dago halako zerbait egiteko! Eta hau ez da Nafarroan bakarrik gertatzen. Hor duzu [Jose Ignacio] Munilla. Hark jarri zuen Elizaren izenean Donostiako Artzain Onaren katedrala dagoen lur eremua [udalak utzi egin zion Elizari 1887an, baina, akordioaren arabera, herriarena izango zen berriz, hark gehiago behar ez zuenean]".

Elizak argudiatu du hari emandako pribilegioak "instituzioak egiten dituen interes orokorreko lanen saria" direla. "Ulergarria da estatuak saritzea herritarren ongizatearen alde lan egiten dutenak", nabarmendu du Isidro Catelak, Espainiako Artzapezpikuen Konferentziako Informazio Bulegoko buruak. Haren arabera, Elizak bere izenean jarritako eraikinetako asko han zeuden udalak osatu baino lehen, eta artzapezpikutzak haien ardura hartu izan ez balu, inork ez zukeen hartuko: "Ez dugu inolako gatazkaren berri, baina bai hainbatek gure aurka abiatutako kanpainen berri". Hala deskribatu dute plataformak eta Europa Laikoa taldeek sustatutako mugimendua.

Instituzioen eskaera

Duela zazpi urtetik hona, izan da herriaren ondasunak bere izenean jarri dituen udalik, artzapezpikutzari aurre hartzeko asmoz; izan da horretara joan eta Elizak aurrea hartu diola ohartu denik ere. Baina, plataformarentzat, ez da hori bidea. "Apurka joan behar dugu, nahiz eta jakin hura beti izango dugula aurretik. Legeak ematen dion pribilegio hori amaitu eta gero, bidegabe bere egin dituenak itzularazi behar dizkiogu", azaldu du Larunbek.

Bide horretan, lehen pausoa eman du Nafarroako Parlamentuak: batetik, Nafarroako Gobernuari eskatuz Elizak bereganatutako ondasunen zerrenda egiteko, eta, bestetik, Espainiako Gobernuari galdeginez 206. artikulua indargabetzea. Horretaz gain, parlamentuak eskatu dio Yolanda Barcinak zuzentzen duen taldeari ondasunak berreskuratzen laguntzeko hala eskatzen duten udalei, eta hura herriarena zela argi dagoen kasuetan. "Alegia, zu alkate bazara eta uste baduzu halako ermita ondo dagoela apaizaren eskuetan, ez da ezer egingo. Baina herriak apaizari utzitako etxea artzapezpikutzak bere egitea bidegabekeria dela uste baduzu, Nafarroako Gobernuak lagundu egin behar dizu hura berreskuratzen. Dena den, guk ez dugu hori eskatzen. Plataformaren helburua da Elizak, ezkutuan, immatrikulatu dituen ondasun horiek guztiak automatikoki herriaren esku geratzea. Kontu, ez gara herritarrek Elizari emandakoez ari, hark bere kabuz hartu dituenez baizik".

Immatrikulazioen adibide ugari aurki daitezke Nafarroan. Horietako bat da, esaterako, Garisoaingo elizarekin gertatutakoa. 2009an ohartu ziren Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak bere izenean jarria zuela, baina auzitara ez jotzea erabaki zuten. "Haiek dirua eta denbora dute, guk ez", zioen Javier Lizarbek, komunikabideei emandako azalpenetan. Argia ordainaraztea izan da lortu duten garaipen bakarra, hura ere udalak ordaintzen baitzuen ordura arte. Hala ere, konponketa lanak egin behar dituzten aldiro laguntza eskatzen dio artzapezpikutzak udalari. Azkarrago jokatu zuten Pilarko ermitarekin, udalaren izenean jarriz. "Orduan auzitara jo zuten, baina galdu egin zuten. Guk esan genien lasai egoteko, erabiltzen jarraitu ahalko zutela. Baina, ez: euren izenean egotea nahi zuten". Oso antzeko kasua da Lizoaingo Done Mikelena, XII. mendean errea. Udalak gizarte zentro bat jarri nahi zuen han, baina 2003an Elizak immatrikulatu egin zuen, beste hainbat tenplurekin batera. Ondorioz, udalak erosi egin behar izan zuen.

"Askok leporatzen digute Eliza eta apaizak iraintzea, baina plataformaren helburu bakarra da herriarena dena defendatzea. Geure burua defendatzen dugu instituzio pribatu baten erasoetatik, haien erasoetatik. Eliza Francoren garaiko legediaz baliatu da isilean erasotzeko. Gu ez gara duela 400 urte gertatutakoaren erantzule, baina ezin dugu arduragabe jokatu zer gertatzen ari den ikusita. Arbasoek emandakoa jaso eta zaindu egin behar dugu, ondorengoek jaso dezaten. Batzuek esaten dute hau guztia independentziarekin konpontzen dela, baina ezin gara horren luze zain egon", ohartarazi du Larunbek. Plataformak auzia aztertzeko jardunaldiak egingo ditu maiatzaren 9tik 23ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.