Grebara deitzeko kartelak jartzen harrapatu du deiak. "Tolosaldean ari gara", dio Feli Insaustik (Amezketa, 1973). Sektoreko enpresa askok lanaldiak murrizteko hartu duten erabakiak erdiz erdi jo du Insausti, eta mobilizaziora deitu ditu lankideak.
Garbitzaileak langile ikusezinak zaretela diozue; zergatik?
Garbitzaileak ez gaituzte sekula kontuan hartu erabakiak hartzeko. Gure lana ez da baloratzen, ez dugulako ezer produzitzen. Hori da erabiltzen duten aitzakia.
Lanaldiak murrizten hasi zaizkie garbitzaile askori; nola zaude zu?
Kasu horretan, tamalez. Laboral Kutxako bulegoak garbitzen ditut Tolosaldean, eta 13 urte egin ditut lanean, hasieran 33 orduko lanaldiarekin. Gaur egun 15 ordu baino ez ditut, orain urtebeteko aldaketaren ostean. Bost egunetik hirura pasatu ninduten, eta egunero ordu gutxiagorekin, gainera. Baina lan karga ez zait askorik jaitsi, Laboral Kutxetako langileekin batera Lagun Aroko langileak ere ari baitira orain bulegoetan, eta askoz gehiago dago garbitzeko noski.
Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetan ere kalte egiten du horrelako neurri batek, ezta?
Jakina. Nik 40 urte ditut, baina 60 urteko lankide asko daude sektore honetan, eta haiek erretirora begira jarri beharra daukate jada. Lehen ere eskas zebiltzan, eta, orain, horrelako lanaldiekin, esango didazu noiz erretiratu ahal izango diren, 67 urterekin akaso? Galera handia alde guztietatik.