Iñigo Urkullu

"Felipe VI.aren izendapenera joateak ez du menpekotasuna adierazten"

Herritarrek sare sozialen bidez egindako hogei galderari erantzun die lehendakariak zuzeneko agerraldi batean.

Urkullu, galderei erantzuten. BERRIA
edurne begiristain
2014ko ekainaren 18a
07:18
Entzun

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak zuzeneko agerraldia egin du eguerdian Youtube Interneteko atarian, herritarrek sare sozialen bidez egindako hogei galderari erantzuteko. Twitter, Facebook eta Youtube bidez egindako galderei erantzun die Urkulluk. Igande gauean zabaldu zuten galderak egin eta bozkatzeko epea. Twitterreko eta Facebookeko erabiltzaileek #UrkulluTopaketa traholarekin egin eta bozkatu dituzte galderak.

Askotariko gaiei erantzun die lehendakariak, gehienak, gizarte arlokoak. Azken galdera, ordea, bihar Felipe VI.a errege izateko ekitaldiari buruzkoa izan da. Espainiako erregearen tronuratzera joateak ez duela "menpekotasuna" adierazten esan du lehendakariak: "Estatuaren ordezkari nagusia naiz EAEn, eta kortesiagatik joango naiz. Ez da menpekotasuna". Lehendakariak gaineratu du "bestelako estatu eredu bat" beharrezkoa dela, eta espero duela Felipe VI.arekin ere gai hori noizbait landu ahal izatea.

Bestelako gaiez ere galdetu diote sare sozialetan. Besteak beste, LOMCE legea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean ez jartzeko zer neurri hartuko dituen galdetuta, Urkulluk adierazi du Jaurlaritzak "izkin" egingo diola lege horri: "Izkin egiten saiatuko gara gure eskumenak garatuz, euskal hezkuntza sistemaren kalitatean urraketarik egon ez dadin".  Kutxabank pribatizatzearen alde ote dagoen itaunduta, berriz, lehendakariak honako hau erantzun du: "Kutxabank proiektu pribatua da, eta kutxak dira haren jabeak. Kutxek legea bete duten moduan, Kutxabankek ere legea beteko du. Eta ziur naiz bere etekinak gizarte lanari bideratuko dizkiola".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.