Elkarren alboan egon bai, baina elkarren berririk izan ez. Sarri gertatzen da herri mugimenduen artean. Erreferentziak errazago bilatzen dira nazioartean, etxe ondoan baino, Mari Luz Esteban Antropologian doktore eta feministak dioenez. «Normalean, feminismoan gaudenok ez diegu begiratzen alboan dauden beste gizarte mugimenduei. Zergatik? Jokabide horrek mugatu egiten gaitu politikoki, sozialki eta teorikoki». Eta, alderantziz, zenbat begiratzen dio euskalgintzak feminismoari? Elkarrengandik ikasteko gonbita egin die Mari Luz Estebanek udaletako euskara teknikariei. Udaltop jardunaldiak egin dituzte Lasarte-Orian (Gipuzkoa), atzo eta herenegun, eta euskalgintzak feminismotik ikas dezakeenaz proposamen «xume» batzuk plazaratu ditu Estebanek.
Jabekuntza dinamikaren eskutik etorri dira feminismoaren praktika «interesgarrienak» azken hamarkadan, Estebanen ustez. Jabekuntza «kontzientzia eta parte hartze politikoari astindu bat emateko modua» dela zehaztu du, definizioa emanda: «Pertsonek bizi hautaketa estrategikoak egiteko duten gaitasuna handitzea eta ekintzarako gaitasuna handitzea». Norbanakoak eta taldeak aldatzeko ahala dakar praktika horrek. Eta, euskalgintzan ere, bide berriak urratzeko balio dezakeela sinistuta dago Esteban.
Jabenkuntzaren garrantziaz ohartarazteko, botereaz gogoeta egin du, Michel Fucault eta Antonio Gramsci pentsalarien eskutik. «Oso modu bertikalean ulertu dugu boterea. Baina boterea horizontala da. Guztiok gaude botere posizio batean. Eta aldakorra da posizio hori». Mendekotasun egoerek, bestalde, ez dutela pertsona erabat mugatzen zehaztu du: «Jende guztia da agentea. Edozein egoeratan dagoela ere, pertsona batek aukera du gauzak egiteko». Gaitasun hori esnaraztea da jabekuntza praktiken eta eskolen zeregina: boterea eskuratzea. Boterea, ez inor menpean hartzeko, baizik eta eraldatzeko. Eta emakumeentzako balio duenak euskaldunentzako ere balio duela uste du Estebanek, hala esan die euskara teknikariei.
Ikuspegi horrek irakurketa teorikoa aldatzen duela eta, aldi berean, praktika politikoa eraldatzen duela zehaztu du. «Agentzia hartu behar da kontuan». Ekintzarako ahalmena da agentzia, Estebanen hiztegian, eta agenteen edo subjektuen boterean eta aldaketarako gaitasunean jarri behar da arreta, haren hitzetan. Baina feminismoa eta euskalgintza, gaitasun eta praxi horietan baino gehiago, «biktimismoan» oinarritu direla iruditzen zaio. Eta ikuspegi horrek ibilbide motza duela: «Pertsonak biktimatzat hartzen baditugu, kentzen diegu ekintzarako gaitasuna».
Praxiari eta gorputzari arreta
«Uste dut gehiegi erreparatzen diogula eskubideen urraketari eta gutxiegi jabekuntzari». Herri mugimenduek diskurtsoei arreta handia jartzen dietela adierazi du Estebanek, baina praktikari kasu gehiago egin behar zaiola ohartarazi du. Eta bide berri bat proposatu du horretarako: gorputzari eta emozioei jarraitzea. «Haragia gara. Eta aintzat hartu behar dugu hori». Gorputza eta gogoa banatu egiten direla baina ez lukeela hala behar iruditzen zaio Estebani. Pentsatzeko gaia eman die teknikariei: «Euskaltzaletzea ez da, bakarrik, diskurtso bat ikastea». Feminista edo euskaltzale bihurtzeko pertsona bakoitzak zer bide egiten duen aztertzeari arreta jarri behar zaiola zehaztu du: «Euskaltzaletzea ez da, bakarrik, diskurtso bat bereganatzea». Ezaugarri fisikoak, emozionalak eta kognitiboak nahasten dira prozesu horietan, eta kontraesanez beteak daude. Feminismoak gorputzean oinarritutako praxia garatu du, euskalgintzarentzat ere interesgarri izan daitekeena, Estebanen ustez: «Gorputzari eta emozioei arreta jarrita, korapilo asko aska ditzakegu. Pentsa dezagun zer egin gorputzekin».
Feminismoaren ezintasun batzuk ere jarri ditu mahai gainean Estebanek, euskalgintzarentzat baliagarri izan daitezkeelakoan: «Legeak aldatzeari begira aritu gara. Baina legeek mugak dituzte». Bestalde, feminismoa testuinguru «paradoxikoan» bizi dela seinalatu du: «Berdintasun legala lortu dugu, baina sofistikatu egin dira ezberdintasunak. Zaila da poztu edo kezkatu, zer egin behar dugun jakitea». Belaunaldi gazteagoengana iristeko ezinak eta feminismoaren instituzionaltzeak eta profesionaltzeak ekarritako eztabaidak ere gogorarazi ditu, euskalgintzarekin alderaketak eta galderak eginez.
Zer pentsatua izango dute udaletako euskara teknikariek. Estebanen ekarpenez aparte, beste hainbat esperientzia ere ezagutu baitituzte bi egunez: Pasaiako, Hernaniko (Gipuzkoa), Santurtziko, Bermeoko (Bizkaia), Berriozarko (Nafarroa) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ekinak ezagutu dituzte, besteak beste, eta udalen hizkuntza politikei buruz Kontseiluak egindako azterketaren berri ere jaso dute. Elkarrengandik ikasitakoa zabaltzen hasteko momentua dute orain.
Feminismoak euskalgintzari
Euskalgintzak badu zer ikasia feminismotik; eta alderantziz. Hala iruditzen zaio Mari Luz Estebani; elkarrengandik ikasteko gonbita egin die Udaltop jardunaldietan elkartu direnei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu