FENSAk, zeinak akziodun nagusia Iberdrola duen, Castejonen (Nafarroa) duen ziklo konbinatuko zentral termikoa handitu nahi du. 2003tik martxan dagoen zentralak ia 400 megawatteko potentzia elektrikoa du, eta bigarren atala eraikitzeak bikoiztu egingo luke kopurua. Horretarako, Nafarroako Gobernuak onartu egin behar zuen zentral termikoaren udalez gaindiko proiektu sektorialaren (PSIS) txostenaren aldaketa; eta gobernuak eman dio oniritzia.
Aldaketarekin, argindar gehiago ekoiztea da helburua; bai Nafarroan, bai Espainian hazten ari den energia eskaerari erantzutea. Bide batez, PSISen informazioa ere eguneratuko dute. Adibidez, lehendik dagoen zentralaren kokapenari buruzkoa — zentrala ez baitago proiektatutako lekuan eraikia—.
Nafarroako Gobernuak beste akordio bat onartu du, Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenean eta Sustapen eta Etxebizitza kontseilariaren proposamenean oinarrituta. Atzera bota ditu, berriz, Nafarroako Ezker Batuaren alegazioak. Beste hiru alegazioei—Castejongo Udalarena, Gurelur elkartearena eta ekologista talde batena— geroago erantzungo die.
Ziklo konbinatuko zentralak
Ziklo bakarreko zentral termikoetan energiaren %25 eta %35 artean aprobetxatzen da. Ziklo konbinatuko zentral termikoek errendimendu hori hobetu egiten dute. Bertan, erregaia erretzeaz gain, beste prozesu batez baliatzen dira: gas turbinek erabili ahal ezin duten gasa erabiltzen dute lurrun turbinek. Horrela, energia gehiago sortzen da.
2007an, Castejonen dagoen beste ziklo konbinatuko zentral termikoa handitzea debekatu zuen Nafarroako Justizia Auzitegiak, herritik bi kilometro baino gutxiagora dagoelako. 2009an, Espainiako Ingurumen Ministerioak, aldiz, baimena eman zion proiektuari, babesguneei kalterik ez diela eragiten iritzita.
Urteetan, Castejongo herritar gehienak eta ekologista taldeak bertako bi zentral termikoak handitzearen aurka agertu dira eta mobilizazio ugari egin dituzte.
FENSAren Castejongo zentrala handitzea onartu dute
Enpresak azaldu du hazten ari den energia eskaerari erantzun nahi diola zentralean bigarren atala eraikita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu