Fermin Vila Mitxelena (Irun, 40 urte) gaur eraman dute Belfasteko Epaitegira, Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako euroaginduari buruzko saioa egiteko, eta Thomas Burgess epaileak erabaki du hura atxikia egongo dela auzitegiak Espainiaratzeko eskaera aztertu arte. Defentsa abokatuak Vila bermepean aske uzteko eskatu du, baina epaileak ez du aintzat hartu, "Vilak ihes egiteko arriskua dagoelako eta Espainiak egozten dizkion delituak larriak direlako". Ez dute jakinarazi noiz izango den hurrengo saioa.
Ostegunean atzeman zuten Irlanda iparraldeko hiriburuan, ETArekin harremana duelakoan, eta larunbatean atxiloaldia luzatu egin zioten.
Vila "harro" azaldu da "euskal ekintzaile independentista bezala egindako lanagatik". Kevin Winters & Co. abokatu taldeak haren gutun bat igorri du hedabideetara. "Irlandan esperientzia ona" izan duela dio euskal herritarrak, eta han ikusi duela gatazkak "elkarrizketa politiko zintzoen" bidez konpontzen direla. Irlanda iparraldeko bake eta normalizazio politikoa eredutzat hartu beharko luke Euskal Herriak, haren iritziz.
2007tik aurrera bizi da Irlanda iparraldean eta jatetxe batean egiten du lan. Devine defentsa abokatuak aitortu du bere bezeroak nortasun agiri faltsua izan duela han denetik. Devineren arabera, "Espainiaren aldetik jazarria" sentitzen da Vila, eta "segurtasun fisikoa bermatze aldera hartu zuen neurri hori".
Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zuen Vila atxilotzeko. Haren arabera, KAS eta Ekin legez kanpoko erakundeetako kidea izan zen, eta gero ETAren talde logistikoan parte hartu zuen.
Espainiako polizia iturriek diotenez, 2001ean egin zuen ihes Euskal Herritik, Poliziak ETAren Sugoi komandoa desegin zuenean. Iturri haien arabera, berehala Madril komandoan sartu zen eta 2001eko maiatzean BBVAren aurkako bonba-auto bat jarri zuen, beste kide batzuekin, eta urte bereko uztailean Luis Ortiz de la Rosa poliziaren hilketan ere hartu zuen parte.
2003ko urtarrilean Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak auzipetu egin zuen, etakidea zelakoan.
atxiloketa
Fermin Vila atxikita edukiko dute Belfasteko epaileak Espainiaratzeko eskaera aztertu arte
Defentsak bermepean aske uzteko eskatu du gaurko saioan, baina epaileak dio hark "ihes egiteko arriskua" dagoela. Ostegunean atxilotu zuten, ETArekin lotuta. Vila "harro" azaldu da "euskal ekintzaile independentista bezala egindako lanagatik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu