Gaur goizean hartu dute kargua Mariano Raxoiren Gobernua osatuko duten ministroek, eta horien artean zen Jorge Fernandez Diaz, ETAren borroka armatuaren amaieraren ondorengo egoera berria kudeatu beharko duena. Fernandezek esan du ETAren urriaren 20ko iragarpena ez dela nahikoa eta ETAk izateari utzi behar diola gaineratu du.
"Normala da armak utziko dituztela esan ostean poztea, baina nahiz eta beharrezko baldintza izan ez da nahikoa", esan du kargua hartu ostean egin dituen lehen adierazpenetan. ETAren indarkeriaren biktimak gogoan izango dituela azaldu du, eta ETAren aurka aritzen diren poliziek lanean jarraituko dutela.
"Euskadirentzat, ona"
Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak esan du Jorge Fernandez Diaz Barne ministro berriaren lehentasunetako bat ETA desegitea izango dela, eta Raxoiren Gobernua "Euskadirentzat ona" izango dela gaineratu du. Goizean Fernandezekin hitz egin duela jakinarazi du Basagoitik eta elkarrizketarako joera duela esan du, "mundu guztiarekin".
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailearentzat etsigarriak dira izendapenak, eta arlo ekonomikoan eta sozialean atzera pausoa direla esan du. PSNk, berriz, esan du izendapenek ez dituztela harritu eta Gobernuak ez diela batere konfiantzarik eragiten.
Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak nabarmendu du ministroak Raxoiren gertukoak direla, eta baloraziorik egin aurretik tarte bat eman nahi diotela Gobernu berriari. Ministroek gaur goizean hartu dituzte euren karguak.