Iñarrituren arabera, aurreko asteko akordioa posible zen gatazkako bi aldeek "justizia trantszionalari buruzko oinarriak ezarri" zituztelako. Horrez gain, ministroari aurpegiratu dio euskal gatazkaren konponbiderako ezer ez egin izana eta gai horretan "legegintzaldi hasierako puntu berean jarraitzea".
Fernandez Diazek Euskal Herrian gatazkarik egon denik ukatu du. Era berean, Espainiak etra Frantziak "ETAren aurka elkarlanean" jarraituko dutela ziurtatu du. "Europa askatasun, justizia eta segurtasun eremua den heinean, ez dago tokirik ETAren gisako talde terrorista batentzat".
Gaiarekin lotuta, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizkidetza idazkariak Espainiako Gobernuak gatazkaren konponbidearekiko duen jarrera kritikatu du irratian egindako elkarrizketa batean. Haren ustez, armagabetze segurua beharrezkoa da "kontrolatu gabeko armak" gera ez daitezen.
Era berean, Fernandezek bestelak espetxe politika baten garrantzia nabarmendu du: "Beharrezkoa da bergizarteratze eta bizikidetzara zuzendutako espetxe politika berri bat". Bizikidetzan urratsak emateko, iraganari buruzko kritikan sakontzearen alde egin du.
Larunbatean manifestazioa
“Larunbatean argi eta garbi erakutsi behar diegu Espainiako eta Frantziako estatuei bakean eta askatasunean bizitzea erabaki duen herri bat garela eta erabaki hori gauzatu egingo duela parean ipintzen zaizkion traba guztiak gaindituta”, adierazi du Rebeka Ubera EH Bilduko bozeramaileak Donostiako Artzai Onaren plazan egindako prentsaurrekoan.
Bertatik abiatuko da larunbatean Bakea, Erabaki lelopean koalizio abertzaleak deitutako manifestazioa. “Bakea eta herri honek hainbat belaunalditan bizi izan duen gatazka konpontzeko pertsona konprometitu guztiei" larunbatean Donostian biltzeko deia egin die Uberak.