EUSKAL PRESOAK

Fernandez Diazen esanetan, Poliziak zelatatu egingo du Durangoko ekitaldia, legezkoa bada ere

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak iragan larunbatean eginiko adierazpenari erantzun dio Espainiako Barne ministroak: "EPPKren oharrak ez du espetxe politika aldaraziko". Pedraz epaileak agerraldia ez debekatzea erabaki du.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa. J. J. GUILLEN, EFE
Berria.info
2014ko urtarrilaren 3a
20:09
Entzun

Ia astebete igarota erantzun dio Espainiako Gobernuak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak joan den larunbatean argitaratutako adierazpenari. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak azaldu duenez, adierazpen horrek ez du aldaraziko Madrilen "politika antiterrorista" ezta presoen sakabanaketa politika ere.

"Gobernuaren agenda ez da ETAk eta bere presoek une bakoitzean erabakitzen duten propaganda eta antzezpen adierazpenei begira egongo", ziurtatu du, eta ohartarazi: ETA desegiten den eta presoek "publikoki eta era argian" erakunde armatuarekiko uko egiten duten arte, larunbateko adierazpenak ez du aldaketarik eragingo Madrilen jarreran.

EPPK-k iragan larunbatean jakinarazi zuenez, kolektiboak “ontzat” eman du presoen “etxeratze prozesua —Euskal Herriratzea lehentasunez eta kaleratzea ezinbestez—, lege baliabideak erabiliz gauzatzea”, horrek “inplizituki zigorraren onarpena” dakarren arren.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa prest azaldu da prozesu hori “egitasmo orokor baten barnean, modu mailakatuan, konpromiso indibidualarekin eta denbora zuhur batean” gauzatzeko aukera aztertu eta jorratzeko.

Durangoko ekitaldia

EPPK-ko mintzakideek Durangon bihar egingo duten ekitaldiaz ere jardun du Fernandez Diazek. Bilkura "nazkagarria" iruditzen zaio. Ekitaldiaren legezkotasunaz hitz egitea saihestu du; hain justu, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak txostenak eskatu dizikie Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari ekitaldiaren inguruan.

Fernandez Diazek esan du epailearen erabakia errespetatuko duela, eta gaineratu du ekitaldia egitekotan, poliziak zelatatzen izango direla.

Pedraz epaileak agerraldia ez debekatzeko erabakia hartu du, baina Espainiako Estatuko Segurtasun Indarrei gertaerak gertutik jarraitzeko agindu die; delitua egitea saihesteko, eta delitu egiten bada, egileak identifikatu edo-eta atxilotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.