Maiatzaren 12an, Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren espetxe zigorra eten edo mantentzen duen deliberatuko du epaileak. Esklerosi anizkoitzaren lehen aztarnak 2010. urte bukaeran atzeman zizkioten, Espainiako Valdemoroko presondegian zegoelarik. Geroztik, eritasunak okerrera egin du. 2013ko urtarrilean, diagnosia berretsi zuten sendagileek. Presoaren osasun egoera eta espetxean edukitzea bateraezinak direla iritzita, zigorra etetea eskatzea deliberatu zuten presoak eta haren abokatuek. Kouchner Legea edo 2002ko martxoko legearen neurrietan oinarritu dira eskaria egiteko.
Fernandez Iradi Lannemezango espetxean dago (Frantzia) gaur egun. Kartzela zigorra etetea eskatu ondoren, espetxeko eta justizia alorreko adituek aztertu dute haren kasua, eta ondorioak idatziz helarazi dizkiote espetxe zigorrak betearazteko ardura duen epaileari. Haren esku dago ebazpena.
Aldeko ebazpenak ez luke indargabetuko zigorra. Karrikan libre geldituko balitz, Fernandez Iradik epaileak agindutako neurriak bete beharko lituzke; bertzeak bertze, eskumuturreko elektronikoa eraman beharko luke, edo polizia etxean izenpetu epailearen aginduetara.
Osasun arloko 97 eragilek —erizain, sendagile eta langileak—, baita 2.200 herritarrek ere, agiri bat plazaratu dute Fernandez Iradiren eskaera sostengatuz. Euskal presoak eritasun larria du, eta osasun egoera horri dagozkion artatzeak behar ditu. «Artatze horiek ezin daitezke baikorrak izan gaur egun bizi den testuinguruan, presondegian», diote osasun eragileek.
Fernandez Iradi libre gelditzea eskatzeko, giza katea eginen dute Baionan maiatzaren 10ean, 11:00etan.